Umeentzako parkeak gozatzeko zonalde desberdinak izaten ditu. Txirrista bakarrik egongo balitz, haurrarentzat gutxitxo izango litzateke. Gorputza mugitu behar du, alde batetik bestera ibiliz, beste umeekin erlazionatuz eta jolasteko leku gehiago esploratuz. Estimulu bat baino gehiago egonda, disfrutatzeko aukera gehiago.
Gure kasuan, berdina gertatzen da. Dibertitzeko aukera bakarra izatea ez da hain aproposa. Pertsona bakar batekin erlazionatzen bagara, hori desagertzen den egunean hutsik geldituko gara. Zaletasun bakarra, edo gozatzeko baliabide bakarra izanik, nahiko baldintzatuta gauden seinale. Begiak ireki behar ditugu, baita bihotza ere. Aukera berriei heldu, pertsonak ezagutu eta entretenitzeko modu berriak probatu.
Gizakiak egokitzapenerako gaitasun handia du. Batzuetan, bizipen berriak saihesten ditugu. Zergatik? Agian, guretzat ez direla pentsatzen dugulako? Konformatu egin gara, leku berean geldirik. Betiko gosaria, betiko lagunak, betiko ohiturak. Agian, haurrek bezala, estimulu gehiagoren bila hasi beharko genuke. Atearen beste aldean, zerbait polita egon daiteke!