Boteprontoan

Bizitza hegan

Erabiltzailearen aurpegia Sara Amenabar 2024ko aza. 30a, 08:46

(Argazkia: Pixabay)

Sara Amenabarrek 2024ko urriko Azpeitia Guka aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Hegazkina ikusten dugunean, hari begira gelditzen gara. Ez dakit zergatik, baina ikusmenarentzat berezia dirudi. Hegan ia ez da ikusten, gure begientzat txikia gelditzen da, baina abioiak uzten dituen lerro txuri luzeak eta zeruaren urdintasunak gure begirada bertan mantentzen dute segundo batzuetan.

Azkar doa hegazkina, baina makal doala dirudi. Lurretik ez dugu bere benetako abiadura antzematen. Ezta bizitzarena ere. Bizitza azkar edo makal, nola doala esango zenuke? Zoriontsu zaude edota etapa triste batean aurkitzen zara? Ziurrenik, azkeneko horrek baldintzatuko du zure erantzuna. Kuriosoa da, baina hegazkinera igotzen garenean bizitza ipini ohi da zalantzan. Zerbait gertatuko ote da?

Azkenean, hegazkina eta bizitza ez dira hain desberdinak. Kilometro asko egiten dira alde batetik bestera, itxuraz azkar, baina batzuetan orduak makal doaz. Helburua leku interesgarri batera iristea da, baina bidea zailtzen da. Mota guztietako kolpeetan, ondoan beste esku bat izateak laguntzen du. Zer esanik ez turbulentziak agertzen badira. Mesedez, zeruan bakarrik ez, lurrean ere bizitza baloratu behar da.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide