Zenbat gustatzen zaigun herritik irtetea. "Bidaiatzea bizitzea da", entzuten da gure ahoetan. Hori ote da bizitzaren esanahia, elkar ezagutzea eta esperientziak gehitzea? Agian, esanahietako bat, beste hainbesteren artean. Betiko lekuari denbora labur baterako agur esatea gogoko dugu. Energiarekin sentitzen garenean horrela izan ohi da.
Ez gaude beti indartsu, ordea. "Deskantsatzea bizitzea da", esango genuke indarra falta zaigunean. Gure etxean, gure kobazuloan, egotea gustatzen zaigu horrelakoetan. Leku seguruan, erosotasunean. Lasaitasuna eta konfort gunea ezinbestekoak bihurtzen dira. Badu zerbait goxoa eta beharrezkoa, orduan, gure herriak. Gertukoa baloratzea ote da beste zentzuetako bat?
Bada erdibidean gelditzen den puntu bat. "Zaintzea bizitzea da" esango genuke, betiko txokoari berritasun ukitua eta maitasuna emanez. Gure kobazuloan gune berri bat eraikitzea, adibidez, kafe goxoa prestatzeko eta irakurtzeko. Artearekin konektatzea, koadro berriekin etxea koloreztatuz. Txukuntzea. Usain atseginak aurkitzea. Gure errutinak musikaren laguntzaz gauzatzea. Eta abar eta abar.