Boteprontoan

Nerabeak

Erabiltzailearen aurpegia Sara Amenabar

(Argazkia: Pixabay)

Sara Amenabarrek apirileko Azpeitia Guka aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Nerabezaroa garai nahasia da. Lagunekin eztabaidak, gurasoekin desadostasuna eta lehenengo bikotekideak azaltzen dira. Hori gutxi balitz, ikasketen inguruko presioa agertzen da. Zer ikasiko du gure seme-alabak unibertsitatean? Edo Lanbide Heziketan? 

Nola jakin zein izango den etorkizuneko gustuko lanpostua, oraindik 15 urte baldin baditu? Batzuek garbi izan arren, ez da ohikoa. Hala ere, nola hartu daiteke erabaki egokia? Asmatuko den ala ez, auskalo, baina orientatzeko galderak egin daitezke. Zer gustatzen zaio egitea bere denbora librean? Zer gaitasun ditu? Zer ez zaio gustatzen?

Denborak esango dio orain ez dakiena. Heldutasunean, beharrezkoa bada, bidea alda dezake. Beti dago ikasten jarraitzeko aukera. Polita da, gainera, aukera berrietara irekita egotea. Proba dezala, esperientziaren poderioz erantzunak aurkituko ditu eta.

Badakit erabaki garrantzitsua dela, ni ere garai horretan egondakoa naiz, baina zerbait esan nahi dizut: modu batera edo bestera, asmatuko du. Jende ona ezagutuko duelako, zer ez zaion gustatzen ikasiko duelako edota lehenengoan asmatu eta ikasketekin disfrutatuko duelako.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide