Uda gerturatzen ari da, eta urtero aipatzen den gai batekin nator: gorputza. Badakigu besteen gorputza ez dela gurea eta, ondorioz, ez duela gure iritzirik behar. Gorputz propioak, aldiz, gure denbora merezi du. Gure etxea da eta, gutxienez, babes hitzak jaso behar ditu.
Milaka gorputz mota eta ehunka azal kolore maitasun faltan daude. Guztioi, modu batera edo bestera, pentsamendu ezkorrak edo epaituak agertzen zaizkigu. Ez da gure errua. Kontrakoa arraroa izango litzateke gure gizartean, horrela pentsatzen erakutsi digute eta.
Beti egongo da gehiegi maite ez dugun atalen bat, gure bizitzako beste arlo batzuen antzera. Hala ere, dutxatik atera eta gure azala ukitzean etxean gaudela sentitzea da helburua. Ispiluan begiratzea, eta espazio bakoitzari goxotasuna ematea.
Ezin gara beti korrika ibili. Azkar dutxatu, krema ondo zabaldu gabe utzi, eta nola ez arropa presaka aukeratu. Saiatu eguneko momentu hori gozatzen eta zure gorputzarekin konektatzen. Zenbat esperientzia eta plazer eskaini dizkigu? Utzi iritziak alde batera eta disfrutatu. Ez ezkutatu, ez baitago ezer ezkutatzeko.