Boteprontoan

Mina

Erabiltzailearen aurpegia Sara Amenabar 2025ko urr. 29a, 08:38

(Argazkia: Pixabay)

Sara Amenabarrek iraileko Azpeitia Guka aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Plazerari erraz eskaintzen diogu lekua, ongietorria egiten diogu irribarre batekin. Minak, ordea, leku bera merezi du gure bizitzan. Zoriontasuna bien arteko nahasketa dela esan dezakegu, onaren eta txarraren arteko zurrunbiloa. 

Gure azalean mina sentitzea ez da erraza, ezta besteen istorioak entzutea ere. Ondoko pertsona sufritzen ikusitakoan, hura salbatzeko joera izaten dugu. Aldiz, beste horrek zulotik bere kasa ateratzeko gaitasuna du; salbatzeko joerarik gabe, utz diezaiogun bere trebetasunari hegan egiten.

Minak ez du konparaketarik merezi, ezta ebaluaziorik ere. Ez da azterketa bat bezala gorriz azpimarratuta zuzendu daitekeen zerbait. Minak ulermena eta samurtasuna merezi ditu, datorren bezala jaso behar da, aldatzeko saiakerarik gabe. 

Kontuz, aldatzeko saiakerarik gabe, baina aldatuko dela kontuan edukiz. Mina gutxitu daiteke, noski, eraldatu daiteke. Ez da beti berdin mantenduko, baina eraldaketa hori hasierako minaren onarpenetik etorriko da. Bidean eman zaion goxotasunaren ondorioa izango da, gure istorioaren parte bihurtuz. 

Eta batzuetan (ez beti), minari maitasunez begiratuko diogu.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide