Boteprontoan

Oroitzapenak

Erabiltzailearen aurpegia Sara Amenabar 2026ko otsailaren 25a

(Argazkia: Pixabay)

Sara Amenabarrek urtarrileko Azpeitia Guka aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Pertsona batzuk beti egongo dira gurekin, fisikoki ondoan izan ez arren. Denok agurtu behar izan dugu norbait, eta horrela ez bada, etorkizunean tokatuko zaigu. Barnean sentitzen den tristuraz gain, bada pixkanaka besarkatu ahal den beste sentsazio mota bat: esker ona.

Bihotz oneko pertsonekin bizitzeko aukera izan dugunok maitasunez beteta gaude. Maitasun hori ez da inoiz desagertuko eta oroitzapenak bizirik mantenduko gaitu, iraganean pertsona horren partetik jaso genuen laguntza eskertuz.

A ze zortea txikitatik zure besoetan egoteko aukera edukitzea, inoiz ez ahaztekoa. Ez dakit non zauden, baina gertu sentitzen zaitut. Irribarrea ateratzen zait unibertsoak zure seinaleak bidaltzen dizkidanean, zure omenez hartzen ditudan erabakietan, eta, nola edo hala, indarra bidaltzen didazunean.

Zeinen garrantzitsua den zure energia jasotzea. Batzuetan zure gustuko musika entzunez, besteetan izarrei begiratuz eta, nola ez, naturaren bitartez bidaltzen dizkidazun mezuak ulertuz. Betiko oroitzapenez gain, oroitzapen berriak sortu ahal dira oraindik. Beste modu batera, baina beti zurekin.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide