Azckoitia eta Azpeitia

Erabiltzailearen aurpegia Xabier Euzkitze 2022ko api. 15a, 08:30

Xabier Euzkitzek Noticias de Gipuzkoa egunkarirako idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

haurtzaroa itzuli egiten da urrundu ahala. Zahartzarora hurbiltzen ari garelako izango da. Gure Loiolako ikastola maiteko pilotalekuaren hormetan –lehen pribatu, orain publiko, baina beti ikastola– pintaketak egiten hasi ziren halako batean. Oso gizarte politizatuan bizi izanik ere, 8 urtetik 14ra bitarteko haur elebakarrontzat –nekez bihurtu ginen gu elebidun– txinera bezain arrotz ziren han txertatzen zituzten mezuak. Batek harritu eta jakin-minez bete gintuen bereziki: KAS alternatiba. Guk limoizkoa eta laranjazkoa baizik ez genituen ezagutzen. Denok elkarri begira, irakasleei galdezka lehenik, gurasoei ondoren... Ez omen ziren guretzakoak mezu haiek, egileei harrobia lantzen ari zirela irudituko zitzaien baina. Pilotaleku hura Joan Paulo II.a aita sainduaren bisitaren aurretxoan eraitsi zuten, hara.

Bide-seinaleetan ere egiten zituzten "moldaketak". Euskaraz bizitzeko borondate irmoak erdal seinaletika ezabatu edo aldatzea eskatzen zuen. Denek ez zuten helburu horrekin egiten, izan zen Errezilerako erdal seinaleari aurrean PE ezarri eta herria Peregil bihurtu zuen graziosorik ere, baina ekintza haien espiritua erdara ezabatu eta euskarari presentzia ematea zen. Horregatik ezabatzen zuten Azcoitia hitzaren erdal C hura, eta gainean K idatzi. Borondatetik gehiago zuten jakintzatik baino. Azpeitia Azpeiti eta Azcoitia Azkoiti bihurtu zituzten. Guk, bertako euskaldunok, ederki genekien hitzaren bukaerako -a organiko hura ez zela arrotzen kontua. Azpeitiarrek horrela egiten zieten trufa azkoitiarrei: Axkoittixe, ipurdixe, gorri-gorrixe. Eta xakelek alderantziz xapoei: Azpeitiye, ipurdiye, gorri-gorriye. "Azpeitiye haundiyaue zan, baño Azkoittixek frontoi gehixo eta hobiek zeuzken".

Jarraitu artikulua irakurtzen Noticias de Gipuzkoaren atarian.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide