Euskarak aurreko mendean (ere) jasan zuen zapalketari buruzko film zirraragarria ikusteko aukera izan da Azpeitian, Soreasu antzokian: Bizkarsoro. XX. mendeko bost aldi hartzen ditu pelikulak (Josu Martinezek zuzendua, Gastibeltza Filmak-ek ekoitzia), eta Ipar Euskal Herrian kokaturikoa da, existitzen ez den Bizkarsoro herrian; dena dela, euskarak eta euskaldunek pairatu/pairatzen dutena kontuan hartuta, Euskal Herriko edozein udalerritan koka zitekeen. Lehengo ostiralean estreinatu zuten filma, Euskal Herriko zazpi lurraldeetan, eta Azpeitian atzo izan zen emanaldia. 205 lagun bildu ziren Soreasun, eta haien txalo zaparrada izan zen bukaeran. Filmaren ekoizle Katti Pocheluk emanaldiaren ondorengo solasaldian esan zuen herritar bakoitzari dagokiola "zapalkuntza kontatzen segitzea".
Pocheluk adierazi zuen Bizkarsoro ikusten duten herritarrak filmaren une batean edo bestean "identifikatuta" sentitzen direla, haiek ere sufritu izan dituztelako antzeko egoerak. "Euren burua ikusten dute filman". Pocheluk azaldu zuen bera, pertsonalki, azkeneko partearekin identifikatzen dela: Ipar Euskal Herrian ikastolak sortzen hasi ziren garaiarekin eta jarri zizkieten zailtasunekin. "Ahantzi behar ez den istorio bat da". Hazparnekoa (Lapurdi) da Pochelu —hain zuzen, Hazparne eta Azpeitia senidetuta daude—.
Gogoeta eragin nahia
Ekoizlearen arabera, oraindik ere badago "kontzientziatzeko beharra", euskararen kontrako erasoek ez dutelako bukaerarik, eta adibide gisa jarri zuen alor judizialean atzeneko hilabeteetan emandako "beste pausoa". Jende erdalduna ere "hunkitu" nahi dute Bizkarsoro-ren arduradunek. Azken batean. euskararen zapalkuntzari buruzko "gogoeta" eragin nahi dute, baina "mezu positibo bat" emanez amaitu nahi dute filma: ikastolak sortu eta aurrera atera izanarekin.
Hurrengo asteetarako ere hainbat saio dituzte programatuta. Gipuzkoan, hurrena, Usurbilen izango da: ostiral honetan (informazio gehiago, Bizkarsoro.eus-en).
Zaparraie Azpeitiko euskara taldeak Kulturaz kooperatibari proposatuta izan da Soreasuko emanaldia, eta solasaldian taldeko kide Luken Etxabek jarri zizkion gaiak Pocheluri. Zaparreieren helburua, euskararen erabilera sustatzea ez ezik, herritarren kontzientzia nazionalean eta linguistikoan eragitea da, eta horretarako pelikula aproposa da Bizkarsoro.