Hausnarketak eta asmoak elkarbanatzeko elkartu dira eskualdeko euskara taldeak

Azpeitiko Zaparraie, Zumaiako Larraina eta Zarauzko Zirika euskara taldeetako kideak. (Zaparraie)

Azpeitiko Zaparraie, Zumaiako Larraina eta Zarauzko Zirika euskara taldeek bilera egin zuten joan zen ostegunean, elkarren asmoak partekatzeko. Aurrerantzean biltzeko eta elkarlana aztertzeko prest agertu dira.

Zumaiako Larraina, Zarauzko Zirika eta Azpeitiko Zaparraie euskara taldeek bilera bat egin zuten joan den ostegunean, Zarautzen, elkar ezagutu, eta elkarren hausnarketen eta asmoen berri izateko.

Eskualde euskalduna da Urola Kosta: lau lagunetik hiruk badakite euskara. Gainera, euskararen normalizaziorako baliabide garrantzitsuak ditugu. Dena dela, gure eskualdean ere oraindik asko falta zaigu euskararen berreskurapenerako, barne eta kanpo faktoreengatik, eta beharrezkoa da herritarron bultzada ere. Hain zuzen, herritarren eta eragileen euskararen erabileran eragitea da Larraina, Zirika eta Zaparraie euskara taldeon helburu nagusia.

Larraina 2019an sortu zen, Zirika duela urte erdi bat, eta Zaparraie berriki, lehengo hilean. Beraz, aurreneko hartu-emana izan dugu hiru taldeok, eta prest gaude aurrerantzean ere biltzeko, eta, kasuan, elkarlana aztertzeko.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide