Zer zara: Anbotoko Mari bezain euskalduna, trapezista bat ala kamaleoi bat?

Azpeitiko iazko Kilometroetako une bat, urriaren 6an. (Azpeitia Guka)

Nolakoa duzu euskararen erabilera? Sendo al dugu kontzientzia?... Zaparraiek test bat prestatu du. Bete ezazu; ea zer emaitza lortzen duzun.

Euskararen arnasgunea da Azpeitia. Hizkuntzaren iraupenerako babestu eta zabaldu beharreko gunea. Erreferentea. Azpeitiarrak ere oso euskaldunak gara. Euskaraz bizi gara, eta euskara erabiltzen eta entzuten dugu gure kaleetan. Baina nola jokatzen dugu euskararen erabilerak haren aldeko hautua egitea eskatzen duenean? Inertziatik harago, euskal kontzientzia ere sendo al da azpeitiarron artean? Galdera horiei erantzuteko test bat prestatu du Zaparraie Azpeitiko euskara taldeak: Euskaldunmetroa.

Sarean, mugikorretan eta kalean (denda eta taberna batzuetan) zabaltzen hasi gara. Hamabi galdera daude, eta erantzun posibleak. Egin ezazu ariketa; ea nolako emaitza lortzen duzun.

(Irudian, Zaparraiek prestatutako testaren galdera batzuk)

Emaitzak

  • 20-24 puntu artean. Zorionak! Anbotoko Mari bezain euskalduna zara! inertziatik harago, euskararen aldeko hautua egiten duzu. Jarrai dezagun herritarren artean kontzientzia hori sustatzen, baina kontuz! Aurrerapausoak ematen jarraitu behar dugu, gure hizkuntza gutxitua baita; ez dago erasoetatik salbu.
  • 14-19 artean. Trapezista baten moduan, kili-kolo zabiltza gure hizkuntzaren sokan.
  • 0-13 artean. Kamaleoi baten tankerakoa zara? Kolorez aldatzen zara leku batetik bestera mugitzean? Zergatik ez heldu beti euskarari?

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide