Hizkuntza aktibazio tailerra antolatu dute urriaren 22rako eta 29rako

Erabiltzailearen aurpegia Zaparraie euskara taldea 2025ko urr. 14a, 17:18

Euskararen kontrako erasoak salatzeko elkarretaratzea plazan, joan den uztailaren 19an. (Andoni Elduaien)

Zaparraiek eta Euskal Herrian Euskarazek (EHE) antolatu dute. Tailerraren helburua da herritarren artean hizkuntza kontzientzia piztea eta bizi dugun egoerari modu kolektiboan erantzuteko baliabideak ematea.

Urteak daramatzagu esanez euskaldunok bidegurutzean edota biribilgunean gaudela, ez atzera ez aurrera. VII. Inkesta Soziolinguistikoak erakutsi modura, euskararen ezagutzak izandako goranzko bilakaerak ez du neurri bereko isla izan erabileran. Egoera horren atzean, egiturazko arazo sakonak daude baina, argi dagoena da, gaur-gaurkoz, euskararen biziraupena bermatzeko erabileran eragitea ezinbestekoa izango dela. Zentzu horretan, euskaldunok ahalduntzea, saretzea eta indarrak bateratzea oso garrantzitsua izango da.

Hain justu, horretara dator hizkuntza aktibazio tailerra: euskarari edonon eta edonoiz eutsi ahal izateko, eta dinamika edo borroka kolektiboak martxan jartzeko euskaltzaleoi beharrezko baliabideak ematera. Tailerrak alde teorikoa nahiz praktikoa uztartzen ditu eta bi asteazkenetan egingo da, urriaren 22an eta 29an. Bi orduko saioak izango dira, 18:30etik 20:30era, Basazabal jauregian.

Bizi dugun zapalkuntza egoera euskaraz biziz irauliko dugu, eta horretarako, denok izango gara ezinbestekoak. Beraz, animatu eta eman izena esteka honetan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide