Joan den asteburuan, 2024. urtea borobiltzeko, azken ekitaldiaz gozatu ahal izan zuten Zortziko zezenzale elkarteko kideek.
Goizean, hainbat modalitatetako ekitaldiak izan ziren Azpeitiko zezen plazan. Ikusmin handia sortu zuten horiek elkarteko kideen artean, eta gehienezko ikusle kopurua ez gainditzeko, elkarteko kideentzat soilik ireki zituzten ateak. Lehenik eta behin, Berrosueta ganadutegiko behien tentaderoa ikusi ahal izan zuten, Aaron Palacios, Pablo Hernandez eta Asier Etxaniz Kinttela-ren eskutik. Ondoren, uztai erakustaldi paregabea bertatik bertara bizitzeko aukera ere izan zen, elkarteko kide eta modalitate horretako azken Espainiako txapeldunak diren Xabier Iturralderen eta Joanes Balentziagaren eskutik. Amaitzeko, ikusleentzako txahalak plazaratu zituzten, eta arrakasta Itzela izan zuten.
Goizeko ekitaldiaren ondoren, elkarteko kideentzako bazkaria izan zen Mendizaliek tabernan. Bertan, lagun giro ederraz gozatu zuten.
Zortziko zezenzale elkarteko kideek eskerrak eman nahi dizkiete lehen urtean gauzatutako guztia posible egiten lagundu dutenei. Lehen urtean inguruan izandako arrakasta nabarmendu nahi izan du elkarteak, eta ateak irekita daudela gogorarazi die bazkide izan nahi dutenei.