Ikerlaria imajinatzean gizonezko edadetua datorkigu burura. Askok Einstein imajinatuko dugu, ile harroarekin eta mihia kanpoan duela. Edo beste gizonezko bat. Eta tamalez, egia da, beste kontu askotan bezala, zientzian parte hartzeko aukera itxi egin zaiela emakumeei historian zehar. Bestalde, zientzia egiten dutenak adinekoak diren ustea dugu. Azken batean, elkarrizketa eta hitzaldietan urteetan aurrera doazen zientzialariak dira gehienbat agertzen direnak. Baina, nolakoa da ba gaur egun zientzialariaren profila? Nire ikerketa taldea jarriko dut adibide gisa. Momentuan hamazazpi pertsonaz osatutako taldea da, azkar aldatzen den arren proiektuak amaitu edo berriak hasi ahala. Adinaren ikuspuntutik, 50 urte baino gehiagoko bi, 40 baino gehiagoko beste bi, 30 baino gehiagoko beste bi eta 20 baino gehiagoko 11 pertsonaz osatutako taldea dugu orain. Gehienak gazteak dira, beraz. Eta esango nuke hori ikerketa talde gehienetan gertatzen dela. Zientzia errepikapenean oinarritzen da, eta edozer galderari erantzuna topatzeko lagin asko prozesatu behar izaten dira. Lan honen zama handiena gazteen gain dago dudarik gabe. Nire lankide batek esaten duen moduan: “Beteranoak inutil batzuk gara”. Urteetan aurrera goazen heinean, esperimentuen diseinuan, laginketetan eta artikuluak idazten parte hartzen jarraitzen dugun arren, kudeaketa, irakaskuntza eta beste betebehar batzuk ditugunez, denbora gutxi geratzen zaigu beste ezertarako. Horregatik, zientzia egiteko behar-beharrezkoak dira gazteak.
Ikerlariaren sexuari erreparatuz, berriz, gurean 11 emakume eta sei gizon gara. Horrek garbi uzten du gaur eguneko zientzialariaren beste ezaugarri bat: emakumea dela gehienetan. Emakume-gizon proportzio hauek ikerketa lerroaren araberakoak izango dira, baina biologian, adibidez, lerro gehienetan emakumeak dira garaile. Egia da emakumeen proportzioa beteranoen artean ez dela gazteetan ikusten den modukoa; gure taldean egonkortutako lanpostu bat dutenen artean erdia bakarrik da emakumea. Eta hori da aurrerantzean aldatzen joan beharko lukeena. Formakuntza espezifiko batean, demagun Biologia, emakumeak gehiengoa badira, ikerlari gazte eta zaharren artean ere proportzio beretsuetara iristea espero beharko litzateke. Bide horretan aurrera goaz, baina oraindik falta da berdintasunera iristea.
Eta zer da gaur egun zientzialari gazte horiek duten ondorena? Zientzian lanpostu bat topatzea zaila da. Unibertsitatean pertsona gutxi batzuek okupatzen dituzte eskaintzen diren lanpostuak urte mordoska baterako. Ikerketa zentroetan ere beste hainbeste; azken urteetan zentro berriak sortu eta ikerlari gazte askorentzat aukera bihurtu diren arren. Jaioterrian aukerak ttanttaka irtetzen direnez, ikerlari gazteentzat aukera bakarra lana mundu osoan bilatzea izan ohi da. Hor hasten da zientzian jarraitu nahi duenaren erromesaldia: bi urte Kanadan, beste bi Australian, Frantzian sei hilabete… eta beharbada, halako batean, etxe inguruan irteten den aukera batera aurkez daitezke. Askorentzat gehiegizkoa da munduan zehar horrela ibili beharra, eta lanbide alternatiboetan bukatzen dute. Biologiako adarretatik joaten direnentzat, adibidez, arrunta da tesia egin eta gero irakaskuntzan, enpresan edo postu publiko batean lan egitea. Ikerketa lanetan jarraitzea baino askoz arruntagoa gainera!
Etorkizun ilun horrekin, merezi al du orduan tesi bat eginez ikerketa munduan sartzea? Dudarik gabe! Lan edo formakuntza gutxik eskaintzen dute tesi bat egiteak ematen duena. Proiektu bat hartzeko eta garatzeko pazientzia, komunikatzeko abilezia eta talde lanean jarduteko gaitasunak asko garatzen dira. Bizi esperientzia bezala ere paregabea izan daiteke tesi bat egitea: kongresuetara joan eta han norbere emaitzak erakustea, atzerriko ikerketa taldeetan egonaldiak egitea, teknika eta lan egiteko modu berriak ikastea eta mundu osoko pertsonekin harremanetan jartzea eta koordinatutako lanak aurrera eramatea. Egia da ikerlari gazteen profila oso espezializatua izan ohi dela: jakintza alor oso estu batean asko dakien pertsona bat da. Dena dela, eskarmentu itzela izan ohi du, eta edozein dela ere lanbidea, egokitzeko eta ikasteko gaitasun handiko pertsona bat da. Esaterako, irakaskuntzan tesia egin duen batek proiektuak nola garatu irakatsi diezaieke gure gaztetxoenei. Lanpostu publiko batean zubi lanak egin ditzake nazioarteko erakundeekin. Enpresan, berriz, zientzian sortzen diren etengabeko aurrerapenak aplikatzen lagunduko du. Azken batean, tesia egin duen gaztea todoterrenoa dela esan daiteke. Niri, behintzat, oso zaila egingo litzaidake horrelako pertsona bat lanerako ez hartzea!