Udazkena eta haizea hasi zaigu halako batean. Eta haize horri etekina ateratze aldera-edo haize errotak eraikitzeko proiektuak ari dira perretxikoak bezala ugaritzen. Energia alorrean ditugun erronkak ez dira makalak: klima aldaketari aurre egiteko berriztagarrien erabilera ugaritzea, ahitzen ari garen erregai fosilen alternatiben bilaketa, kanpoko potentzienganako menpekotasun energetikoa murriztea... Esan ohi den moduan, ez dira ahuntzaren gauerdiko eztula. Errealitate honetan energia sortzeko haize erroten erabilerak zentzuzkoa ematen du. Baina azpiegitura handien proiektuetan, normala den moduan, kontrako iritziak ere asko irten dira.
Ez naiz ni proiektu horien alde edo kontra jarriko lerro hauetan. Baina ziur nago energia lortzeko haize errotak erabiltzearekin arazorik ez duen batek baino gehiagok asko kritikatu dituela etxetik hain gertu eraiki behar dituzten hauek. Urruti bai, gertu ez. Honek ere badu izena: ingelesek NIMBY akronimoa erabiltzen dute. "Not in my back yard" edo "Nire etxe ondoan ez" bezala ezagutzen den mugimenduak printzipioz onak diren neurri edo proiektuak etxe ondotik urruntzea izan ohi du helburu. NIMBY mugimendua ez zaio ekologiari bakarrik aplikatzen: drogen menpekotasunetik irteten laguntzeko sortzen diren barnetegiak, tanatorioak, kalean bizi direnentzako jantoki edo ostatuak, usaina edo zarata sortzen duten jarduerak, azpiegitura handiak... zerrenda oso luzea da. Kontu hauetan guztietan garbi dugu beharrezkoak direla, baina beti HAN ez HEMEN.
"Bertakoa" edo "km0" kontzeptuei guztiz kontrajarria da NIMBY mugimendua. Nekazaritzara etorri da bertakoaren garrantziaren eztabaida, baina beste kontu batzuetan ere erabil daiteke/dezakegu planteamendu bera, ez? Egurgintzan, bertakoaren ordez kanpokoa hobe? Energian, bertakoa hobe? Bertakoa izatearen abantailak garbiak dira alde ekologikotik ia beti. Elikagaiak, eta baliagaiak orokorrean, kontsumitzen diren lekutik gertu sortzen badira, garraioan erregai gutxiago gastatzen da (eta bide batez, kalitate handiagoko produktuak iristen zaizkigu, heldutasun puntu egokiagoan jaso baititzakegu elikagai horiek). Landaketen kontua eztabaida garrantzitsua bihurtzen ari da azkenaldian eukaliptoa gero eta gehiago dugulako (idazten ari denak ere eman ditu hitzaldi batzuk ingurumenean sortzen dituen kalteen harira). Baina eukaliptoa non edo non landatu beharra badago, papera eta egurra kontsumitzen jarraitu behar dugulako, hobe al da Brasileko oihanean egitea gero handik mundu osora zabaltzeko, edo mundu osoan zehar landatu beharko genuke?
Jarraitu artikulua irakurtzen Urola Kostako Hitzaren webgunean.