Korapiloa

Agenda arazoak

Erabiltzailearen aurpegia Aitziber Arzallus 2025ko ots. 7a, 08:14

2025eko Guka agenda eta egutegia.

Aitziber Arzallusek urtarrileko Azpeitia Guka aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Aginaldorik ez dugu jasotzen lantokian, ez behintzat kutixiz betetako saski eder horietakorik. Hori bai, mahai gaineko egutegi bat eta agenda bat oparitzen dizkigute, urtero. Egutegia ondo etortzen zait zer egunetan bizi naizen jakiteko; agenda, berriz, tira... Saiakera egiten dut, urtero: hasten naiz erabiltzen, gauza guztiak txukun-txukun apuntatzen, hitzorduak eta bilerak noiz ditudan jartzen, egitekoak zerrendatzen eta abar, baina bi asterako nazkatzen naiz, eta han gelditzen da bazterrean.

Urte berria hastearekin, aurten ere saiakera egin behar ote nukeen pentsatzen ari naiz. Agian, tradizioagatik bada ere, hasi egingo naiz; edo agian ez, total zertarako, baldin badakit ez naizela otsailera iritsiko? 40 urtean ez banaiz kapaz izan, agian hobe nuke onartzea ez naizela sekula kapaz izango, agendak ez direla niretzako egindako erremintak, eta kito. Ez pentsa, hala ere, memoria pribilegiatua daukadanik, agendan apuntatuta izan beharko nukeen guztia buruan txukun-txukun ordenatuta izaten dudanik. Hobe bai, baina ez, horretarako gaitasunik ere ez daukat. Areago, nola antolatzen naizen galdetzen didatenean, ez naiz gai esplikatzeko, ez baitaukat modu jakin bat, baina neure modua daukat: kaosa.

Lankideek barre egiten didate, eta batzuk urduri ere jartzen dira. Lehengo batean, lankide batek nire ordenagailua hartu zuen bideo-dei bat egiteko, eta larri etorri zen bueltan, Whatsappean hamazazpi mezu irakurri gabe nituela eta. Eta? Ni lasai bizi naiteke horregatik, irakurriko ditut eta erantzungo ditut ondo etortzen zaidanean. Badaezpada ere nire posta elektronikoaren buzoira ez sartzeko aholkatu nion, oraintxe bertan Gmailean ireki gabeko 6.253 mezu topatuko lituzkeelako, eta Outlookean beste 666. 

Eskerrak gauza horiek ez didaten lorik galarazten, bestela gaizki behar nuke. Egunak beharko nituzke hori guztia ordenatzeko, eta ez daukat ez gogorik eta ez denborarik; batez ere, denborarik. Erlojuaren kontrako lasterketa batean bizi naizen sentipena daukat, asteak zazpi egun eta egunak 24 ordu izatea nahikoak ez diren sentipena, egiteko ditudan guztietara iristen ez naizenarena, gauza bat bukatzerako beste lau sortzen zaizkidanarena, denbora azkarregi doanarena. Aspertuta bizitzea ere ez litzateke hobea ziurrenik, baina tarteka hartuko nuke aspertzeko denbora pixka bat. Agian agendan apuntatuko banu, agian hor dago sekretua, eta orain arte konturatu gabe ni... 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide