Atzo, jai eguna izan zen eta jai egin genuen, baina, gauean, afaria prestatzen hasi eta irratiak gogorarazi zidan zergatik zen atzoko eguna jai. Egun osoan ez nintzen gogoratu ere egin santu guztien eguna zela, hildakoen eguna. Hildakoan, kabroiena ere santu bihurtzen delakoan Bueno, ba hori, jai eguna eta ni, zergatiaz akordatzen ez! Irrati esatariak esan zuen arte, zenbat diru kostatzen zitzaigun hiltzea: 2000euro gutxi gora behera eta intzineratuz gero, 200 edo 300 euro. Gero, honi beste 3000 bat euro gehitu errautsak diamante bihurtu naiz izanez gero, eta listo.
Kontu guzti hauek entzuten ari nintzela, kolpera gogoratu nintzen larunbatean pasatu zitzaigunaz. Kontatuko dizuet.
Greban gaude antzerki lana antzeztera Orexara joanak ginen, Gipuzkoako herririk txikienera. Aukerarik baduzue, Lizartzatik gora joanda dagoen herri honek, bisitatxo bat merezi du, bertako taberna bakarrean oilasko erraldoia entsaladaz lagunduta afaltzeko besterik ez bada ere.
Ba hori, han egin behar genuen gure emanaldia eta udaletxeko ganbaran gure prestaketei ekin genion, betiko moduan emanaldia baino ordu batzuk lehenago. Antolatzailearekin solasean hasi zen orduan gutako bat: Inor etorriko ote da, egun ona al da, ordua Begiratu tristeaz, hala azaldu zion gazteak gure adiskideari, bere osaba bat hilzorian zegoela eta ez zekiela zenbat jende etorriko zen antzerkira. Herri txikia izanik, eragin handia zutela horrelako gertakariek, baina ikuskizun zegoela. Pena sentitu genuen, eta ez gure ikusleengatik, herritarrengatik oro ar. Guk ordea, gurearekin jarraitu behar.
Eta hala, taberna ireki zutenean, jaitsi ginen bertara atsedena hartuz eta horra hor non konturatzen garen ia guztiok batera, gure antzerki lana hasi eta berehala, tanatorioko esketx bat egiten genuela, hildako bati tonu umoretsuan hitz eginez! Eskuak burura eramanda geratu ginen bai soinu eta argi teknikaria, bai laguntzailea eta nola ez, hiru antzezleok. Zer egin behar genuen? Gutako bat, tabernako sukalderaino sartu zen orduan eta etxeko andreari arazoaren berri eman zion. Honek halaxe esan zion: Kentzeko zati hori, ez egiteko, jendearengan eragin handia izan zezakeelako.
Ba, hantxe geratu ginen bostok, emanaldirako hiru ordu falta zirelarik, zer egin ez genekiela. Eta hor hasi ginen buruari bueltak ematen, arazo hura konpondu nahian. Arazoa baitzen.
Emanaldia hasi, eta bukatu genuen, tanatorioko esketxik gabe. Okurritu zitzaigun beste bat eta di da batean prestatu genuen, heriotz zantzu guztiak kenduta. Pentsa ezazue, hildakoarena egitetik, oilaskoarena egitera pasa nintzen. Bai, oilaskoarena.
Hainbeste kontu xelebre gertatu izan zaizkigu emanaldietan, baina zin degizuet, horrelakorik sekula ez zitzaigula pasa! Nork esan behar zidan niri, oilaskoaren paperean bukatu behar nuenik!
Horra hor, hiltzearen garrantzia. Horra hor, heriotzaren inguruko benetako parodia. Eta asteartean, santu guztien eguna Benetan, kasualitatea ote da?
Hara, kasualitate edo kausalitate, ez dakit zergatik egin zigun bai guri baita ikusleei ere halako grazia oilasko inprobisatuak, ikusita, gripe hilkorra eragin diezagula. Umore beltza euskaldunona.
Ez dakit, larunbat honetan oilasko edo hildakoarena egitea tokatuko zaidan, baina antzezlana ikusi nahi izanez gero, Baztartxon izango gaituzue.