Titiriteroei adarra jotzea zilegi dela dirudi batzuentzat. Ordubete luzez taula gainean atzera eta aurrera isildu ere egin gabe aritzea, txorrada bat dela.
Batzuk horiek, azaroaren 22an Soreasura hurbildu ziren. Goizez eta arratsaldez, eta okerrena, desberdinak zirela! Goizeko mozoloak eta arratsaldekoak mozolo desberdinak zirela.
Gazteentzako antzerki lan bat eskaintzera etorri zen Gasteizeko konpainia bat. Lau aktore, bi neska eta bi mutil. Gazteak, ikusleak baino urte gutxi batzuk zaharragoak. Gaia: Drogomenpekotasuna. Modu bizian eta azkarrean egin zituzten, droga, alkohola, gaua, harremanak eta sexuari buruzko gogoetak. Goizeko saioan izan nintzen bertan, Azpeitiko ikastetxe desberdinetako 14-15 urteko gaztetxoekin batera.
Saioa hasi bezain pronto galdetu nion neure buruari, antzerkira edo zirkora, nora etorri ote nintzen. Batzuk, zaratak eginez ahoaz, gainontzeko ikusleengan barre algarak sortuz. Beste batzuk, aktoreei zuzenean, jardunean. Neskari: Titi punta ederrak dituzu ba! Mutilari: Hori atzelaria duk! Saio osoa horrela.
Gutxi batzuk baino ez ziren, baina, denak mutilak! Morroskoak, heldu ustekoak, harroxkoak Lotsatuta pasa nuen ordu bete osoa. Lotsa handiagoa sentitu nuen saioa bukatu eta lau aktoreak, Matxoman horiengana hurbildu eta modu onean, azalpenak eskatu zizkienean.
Ez dakit nola jasan zuten saio osoa taula gainean presio horren azpian lanean. Nik, ez nuke jasango. Benetan.
Lotsak-lotsa, hara non esan zidaten, arratsaldeko saioa, emanaldi erdian gelditu egin zutela! Talde buruak egoera ezin jasan eta oihu egin omen zien aktoreei saioa geratzeko. Eta hauek, noski, geratu. Gero, jarraitu omen zuten, azalpen batzuk eman ostean.
Eta nik galdetzen dut: Matxoman gizajo horiek, lotsa zer den ba ote dakite?
Eta erantzuten diot neronek neure galderari: Eta hauek, urte gutxi barru, gazteak izango dira. Zer nolako gazteak? Gogoeta ez baita antzerkira joan eta portaera txarra azaldu zutela! Anekdotikoa izan liteke, (eta hala hobe) baina etorkizunari begira; usain txarra hartzen diet; benetan: Hauei, eta hauen moduko beste batzuei. Lotsagabekeria neurria gabe hori, bortizkeria nazkagarri hori Zorionez, badakit gutxi batzuk baino ez direla, baina badaude eta ez ditut gogoko.
Ikusten ari zaren hori ez duzula gogoko? Ba, aguantatu! Han aurrean ari diren horien errua ote da ba zu zakur amorratu bat izatea?
Badaukat fedea gazteengan, benetan. Zakur amorratuei, txertoa eman beharko zaie. Baina, zergatik ez hasi gazteak beraiek, ondoan daukatenari neurriak hartzen? Oso erosoa da, ni ez naiz izan esan baina beronen graziekin kolaboratzea.
Azkenean, egun horretan irainak eta jarduna sufritu zuten aktore haiek baino pena handiagoa, jaberik eta legerik gabeko zakurtxo hauek ematen didatela uste dut.
Beste gauza bat ere ikasi dut: Bakoitzak bere lotsen jabe beharko dugula egin. Neronen ekintzetaz, neroni lotsatu behar, baina besteenetaz? Ahalik eta gutxien!