Hirugarren urteko lanaldia bukatu dugu Zestoako Amalda kobazulo magikoan. Ez dakigu datorren urtean berriro bilatuko dugun eta berriro onartuko ahal gaituen bere babesean.
Koba honek bere sekretuak ondo babestuta ditu eta zail ipintzen ditu gauzak jakin nahi dituenentzat. Erreka zabalak zeharkatu; aldapa latzak dituzten oihanak menderatu; horma luze, trakets eta zuzenak gainditu; eta bidean ez bazara gelditu, iristen zara bere sabelera.
Indusketako lantaldea normalean bost lagunekoa izan da. Koba txiki eta konplexu honetarako lantalde egokia da, eta antolatuak dauzkagu bakoitzaren eginbeharrak. Efizientzia lortua dugu eta lagunarte polita egon da. Josebarekin eta Laurarekin lan egitea ohore bat da guretzako.
2021eko indusketa oso sutsua izan da eta aurreikusten ziren helburuak bete ditugu. Indusketa honetan diferentziak markatzen dituena ikertzaileak erabiltzen ari diren teknologia aurreratuak dira. Azaleratzen diren lur-azalak momentu berean egindako 3D solidoetan lantzen dituzte.
Erdi Paleolitoko sekuentzian gabiltza industen eta koba honek daukan estratigrafia oparoaren lehenengo mailak ari gara azaleratzen. Urola bailarako azken Neanderthalak izan litezke Joseba Rios, Laura Sanchez eta taldekideak momentu honetan ikertzen ari direnak. 45.000 – 55.000 urte gaur egunetik. Azaltzen diren materialak, Musteriense tekno/kulturakoak, ikusgarriak dira.
Bisitariak edo elkarlanean dabiltzan adituak ere etorri zaizkigu indusketetara. Ezusteko pasadizoa Mikel Arregi Zestoako alkateak egin du, eta beste momentu batean geologoen kongresu bat zegoela ematen zuen kobazuloan. Lau geologo batera etorri zaizkigu: Theodoros Karampaglidis Israeldik, Martin Arriolabengoa eta Julia Galan EHUkoak, eta Ion Uranga EHUn graduatua.
2021eko lanaldia aparta izan da. Eskerrik asko parte hartu duten guztieri edo dirulaguntzekin proiektu hau bultzatzen duten guztiei ere: Gipuzkoako Foru Aldundia eta Azpeitiko eta Zestoako udalak. Mila esker denoi.