Amalda III kobazuloko indusketen 2022ko landa lanak bukatuta, Zestoako Altzolarats bailaran bizi ziren Neanderthaletaz apur bat gehiago jakitea lortu dugu.
Amalda III kobazuloan orain 50.000tik 100.000 urte arteko sekuentzia azaldu zaigu.
Kobazulora egunero iristea ez da lan makala izan, baina irribarre batekin egin dugu.
Ez dakigu nola igotzen ziren Neanderthalak kobazulora. Gaur egun, 30 metroko horma bikain bat gainditu beharra dago.
Harrigarria iruditzen zaigu, baina oztopo guztiak gainditzen zituzten eta bailara hain ondo kontrolatzen den leku horretan bizi izan ziren 50.000 urtetan zehar.
2022ko laugarren kanpaina honetan, aurreikusten genuen bezala, 15. azalera industuta bukatutzat eman dugu.
IV. nibel estratigrafikoan aurkitzen gara, duela 50.000–60.000 urte tartean, eta materialen dentsitatea oso aberatsa da.
Musteriense deritzon teknokulturaren barruan Vasconiense deritzon tipologia duten erremintek bereizten dute aztarnategi hau. Jaten zuten faunaren artean, basahuntza edo sarrioa, oreina eta bobido handiak azaldu zaizkigu.
Aztarnategia estali dugu, datorren urtera arte babesteko. Plastiko beltzarekin eta geotextilarekin estaltzen da indusketako zonaldea.
2022ko kanpaina bikaina ospatzeko, mokadutxoa garagardo pare batekin. Orain, laborategiko lanak egitea tokatzen da.
Eskerrik asko Joseba eta Laura, egiten duzuen lan bikainagatik eta zuen jakinduria pazientzia handiz eta modu jatorrean konpartitzen duzuelako Antxietako partaide guztiekin.
Bejondeizuela, eta aupa Amalda!