Amalda III kobazuloko indusketa 2024

2024ko urrian jorratu zuen Antxieta arkeologia taldeak Zestoako Amalda III haitzuloaren seigarren indusketa kanpaina, eta horren berri eman du argitalpen honetan.

2024ko urrian jorratu genuen Erdi Paleolitoko koba berezi honen seigarren indusketa kanpaina, eta orduan ez genuen albisterik atera, baina orain pentsatu dugu momentu ezin hobea dela horretarako.

Aurten ere nahiko zilipurdika ibili gara Altsolaratz errekaren uholdearekin. Lehengo zubi zaharra uholdeak eraman du, eta berria moldatu beharra eduki dugu.

Seigarren indusketa kanpaina honetan, IV maila estratigrafikoaren bukaerara iritsi gara lauki guztietan. Aurreko urteetan bezala, material arkeologikoen dentsitate handia dago, bai litika aldetik, bai animalien hezur zatien aldetik ere.

Joseba Riosen eta Laura Sanchezen zuzendaritzapean gozatu ederra hartu dugu, bai material berezi hauek industen, baita zuzendarien argipenekin ere.  

Hipotesiak sendotzen

Era berean, seigarren indusketa kanpaina honetan, Josebaren eta Lauraren hipotesiak sendotzen joan dira:

Kobako neandertalak lan zehatz batzuk egitera etortzen ziren bertara, eta erabiltzen zituzten harrizko erremintek horrela adierazten dute. Gehienbat egurra lantzen zutela ematen du, erremintaren tipologiagatik.

Material litikoaren dentsitatea oso handia da, eta milaka urtetan jarraipena izaten duela esan liteke, batez ere ikusita IV mailaren potentzia eta azalera guztien koherentzia.

OSL datazioek adierazten dutenez, gutxienez 57.000 urtetik 82.000 urtera doa IV maila; horiek gutxieneko datuak dira, eta sekuentzia zabal honetan dentsitatea oso homogeneoa da.

Josebak eta Laurak hasieratik proposatzen duten bezala, aktibitate zehatz honetarako erabiltzen duten tekno-kultura Vasconiense deritzaiona da, eta ongi sendotua dago hipotesi hori ere, ehunka eta ehunka harri tresnarekin.

Gehienbat gertu dagoen Urola ibaitik lortu dituzte hain gogorrak diren harri bolkaniko horiek, baina urrunetik ekarritako suharri materialak ere azaltzen dira noizbehinka.

Bulkanitak, lutitak, ofitak edo basaltoak, gogorrak izateaz gain, lan berezi hauetarako behar dituzten formak eta zorrotzerak lortzeko oso egokiak dira.

Garbi dago, baita ere, bertan kontsumitzen zituztela hainbat motatako animaliak, azaltzen diren espezie ezberdinen zatitutako hezurrengatik.

2025. honetan, zazpigarren kanpaina egiteko prest gaude.

Aupa Amalda!

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide