Datorren ekainaren 5ean Azpeitiko independentziari buruzko herri galdeketaren urtemuga izango da. Hitzartu taldeak eta Azpeitiko Gure Esku Dagok sekulako erronka hartu genuen erreferendum hori gauzatzea erabaki genuen unean.
Herritarren erantzuna, ezin hobea izan zen. Ia 5.000 azpeitiarrek, boto eskubidea zutenen %40ak, hainbestetan aldarrikatu dugun erabakitze eskubidea gauzatu genuen, herritarrok protagonista bihurtuz. Eta gehiengoak (%95ak) euskal estatu independente bati baietz esan zion.
Baina emaitza eta zenbakietatik harago, herri galdeketaren antolaketa Azpeitian azken urteotan burutu dugun auzolanik handiena izan zen. 200 boluntario baino gehiago aritu zen lanean galdeketa arrakastatsua izan zedin. Herrian ikusi genuen ilusioa, indarra, gogoa eta kemena hautestontzietan islatu zen gero.
Azpeitian duela urtebete ireki genuen bidea Euskal Herriko txoko askotara iristen ari da. Euskal herritarrok ulertzen hasi gara gure herriaren etorkizun politikoaren protagonistak geu garela. Oztopo guztien gainetik, geuk erabaki behar dugula zer nolako harreman politikoa mantendu nahi dugun estatuarekin.
Ekainaren 27an 4 urte beteko dira Azpeitian Gure Esku Dagok bideari ekin zionetik. Hitzaldi batek gaurdaino ekarri gaitu. Ekainaren 5ean berriz, urtebete beteko da galdeketa gauzatu genuenetik. Bide honetan ehundaka eta ehundaka azpeitiar izan gara eskuz esku lanean aritu garenak.
Bide horren helmuga argi dugu: estatus politikoari buruzko benetako erreferendum legala, euskal herritarroi egunen batean aukera emango diguna estatuarekin mantendu nahi dugun harreman politikoa, mugarik gabe, erabakitzeko. Erreferendum loteslea eta demokratikoa.
Eta datozen asteotan ere bide horretan hainbat urrats egiteko aukera izango dugu:
- Maiatzak 24 – ekainak 3: Erabakiaren erakusketa Foruen Ibilbideko udal erakusketa aretoan. Ordutegia: astelehenetik ostiralera 17:30etik 20:00etara; astearte eta larunbatetan goizez ere bai. 10:30etik 12:30era.
- Ekainak 3: Puzgarrien mosaikoa osatuko da Sanjuandegiko festen barruan, 19:00etan.
- Ekainak 10: Bilboko ekimena. Galdera ikur erraldoia osatuko da Bilboko kaleetan, Herritarron Ituna aurkeztuz. Autobusak 15:30ean abiatuko dira Azpeititik. Izen-ematea, erakusketa gunean.