Gure Eskuren muina Idiazabalen sortu zen 2007an, Gazta Zati Bat izenarekin ezaguna, eta herri horretatik Goierri osora zabaltzeko gaitasuna izan zuen egitasmoak. Nazioen Mundua ekimena martxan jarri zen urte hartan, eta hura baliatuz sortu zen proiektua, Eskoziako beste herri batekin elkarlanean. Europako estaturik gabeko beste zenbait nazioetan bezala, hemen ere bazen erabakitzeko eskubidearen inguruko kezka. Horrek bultzatuta, Euskal Herrira zabaltzen hasi zen erabakitzeko eskubidearen nahia.
Beraz, zabaltzen ari zen indar hori aprobetxatuz, 2013an egin zen Gure Esku Dago ekimenaren lehen aurkezpena Irunen, Euskal Herriko hainbat eragileren babesarekin. Helburu nagusia herri mobilizazio erraldoi bat egitea izan zen; 2014an, denok ezagutu genuen giza kate luze eta jendetsua. Hiru printzipio nagusi jarri zituen mahai gainean ekimenak: herri bat gara, erabakitzeko eskubidea dugu eta herritarron garaia da. Ordutik hona beste hainbat ekintza ere egin dira, eta beste zenbait, berriz, egin gabe gelditu ziren pandemiaren ondorioz.
Espainiako Gobernuarekin izandako gatazketan Kataluniaribabesa emateko hainbat mobilizazio ere egin izan dira. Horri jarraipena emateko helburuarekin, duela bi urte, Kataluniako eragile batzuekin elkarlanerako urratsak eman ziren, epe luzera begira, euskaldunok betidanik izan baitugu katalanekin hartu-eman estua; Espainiako Gerran Jose Antonio Agirre eta Lluís Companys lehendakariek batera egin zuten ihes.
Elkarlan horretatik sortu da aurten egin nahi den ekimena, Pirinioetako Bidea izena eman zaiona. Assemblea Nacional Catalana (ANC), Federacio Entitats Excursionistes de Catalunya (FEEC) eta Gure Esku dira antolatzaileak, eta Omnium Cultural eta Artistes de la Republica laguntzaileak. Pirinioetako 300 gailurretik gora argiztatzea da helburua; euskaldunok 115 mendi argiztatu beharko ditugu, hasi Jaizkibeletik eta Benasqueraino.
Aktibazio soziala eta herri gogoa bultzatu eta autodeterminazio aldarrikapena nazio mailan ezagutarazi nahi da ekimen handi eta desberdin honekin. Gure etorkizuna erabakitzeko eskubidea dugu, libre eta demokratikoki.