Joan den larunbatean, uztailaren 2an, Pirinioetako Bidea egitasmoaren barruan, 150 azpeitiar baino gehiago izan ginen Larhun gaina argiztatzen, beste herri askotako lagunekin batera. Gure Eskuk eta Kataluniako hainbat taldek elkarlanean antolatuta, Pirinioetako 300 gailur baino gehiago argiztatu genituen gau hartan, erabakitzeko eskubidearen aldeko aldarria ikusarazteko. Ekintza ederra eta hunkigarria izan zen parte hartu genuen guztiontzat.
Aurrez antolaketa eta prestaketa lan handia eskatu duen egitasmoa izan da. Lerro hauen bitartez eskerrak eman nahi dizkiegu horretan lagundu diguten herritar guztiei eta egunean bertan parte hartu zutenei; bereziki, Lagun Onak Mendi Bazkunari antolaketa prozesu osoan eta egunean bertan emandako laguntzagatik, eta Azpeitiko Udalari behar izan ditugun baliabide guztiak eskura jartzeagatik.
Ehunka gailurretara igo gara, baina bideak jarraitu egin behar du, gure gailurra ez baitago Pirinioetan, urrunago baizik. Berriro ere bidean elkartuko gara!
Hona hemen Pirinioetako Bidea egitasmoaren laburpen bideoa: