Ostegunean izan zen AzpeitiKoop kooperatibaren aurkezpena, Basazabal jauregian. Sorrerako adierazpenean, herriko ekosistema kooperatiboa nabarmendu zen, eta gehiago indartu nahi da. Ildoak: kooperatiba berriak sustatu eta kooperatibismoa indartzeko ekintzak.
AzpeitiKoop-en sorrerako adierazpena
Azpeitian oso garrantzitsua da ekosistema kooperatiboa. Tradizio handia dago; aspaldi sortutako kooperatibak daude, eta berriak ere bai. Askotariko kooperatibak dira, eta ikusten da kooperatibismoak funtzionatzen duela, bai balioetan (logika sozialak, molde humanoagoak, gertuko erabakiguneak…), bai emaitzetan.
Dena dela, betiere garrantzitsua da arloko eragileek elkar ezagutza handiagoa izatea eta kooperatibismoaren izpirituari indarberritu bat ematea.
Hala, Azpeitian kooperatibismoa indartzeko prozesua egin da. Bertako kooperatibak, udalak, hainbat norbanakok eta bestelako eragileek, eta Mondragon Unibertsitateak parte hartu dute, eta AzpeitiKoop kooperatiba sortzea erabaki da.
Prozesuan eragile desberdinak egon arren, batera pentsatzeko ariketa egin da.
AzpeitiKoop-en helburuak
• Azpeitian kooperatiba komunitatea osatu eta indartzea.
• Onura soziala eta ekonomikoa bilatzea.
• Herria eta herritarrak eraldatzen jarraitzea.
Proiektuaren bi ildoak
• Batetik, kooperatiba berriak sustatu nahi dira. Hau da, egitasmo berriak lagunduz eta bultzatuz, eta martxan edo hasteke dauden ekimenek kooperatibismorako pausoa eman dezaten lagunduz.
• Bestetik, kooperatibismoa indartzeko ekintzak egingo ditu AzpeitiKoop-ek, eragileekin elkarlanean: hezkuntzan, komunikazioan, sustapenean, transmisioan…
Izaera praktikoa izango du, eta progresiboa izango da proiektuaren garapenean eta aliatuetan.
AzpeitiKoop-ek bazkidetzan hiru figura ezarri ditu
• Bertako kooperatibak.
• Norbanakoak eta elkarteak.
• AzpeitiKoop-eko langilea(k).
Prozesu zabal baten ondoren prestaketa lanak eginda, abian da AzpeitiKoop kooperatiba. Herri proiektu bat.
2026ko ekainaren 4an, Azpeitian, AzpeitiKoop kooperatiba