Kontseilu Errektorearen hitzartzea aurkezpenean

Erabiltzailearen aurpegia azpeitiKoop kooperatiba 2026ko ekainaren 10a

azpeitiKoop-en aurkezpenean, Mikel Ugartek hitz egin zuen haren Kontseilu Errektorearen izenean. Esan zuen oinarri garrantzitsuarekin ekin zaiola bideari, proiektu den aldetik apustua ere badela, eta anbizioa eta aldi berean zuhurtzia aipatu zituen. Hemen hitzartze osoa:

Arratsaldeon denoi!

Eta eskerrik asko Azpeitiko udal, kooperatiba eta beste elkarteetako ordezkarioi eta gainontzeko herritarroi azpeitiKoop kooperatiba berriaren aurkezpen ekitaldi honetara etortzeagatik, Basazabal jauregira.

Mikel Ugarte nauzue, azpeitiKoop-eko langilea, eta Kontseilu Errektorearen izenean ari natzaizue.

Guka-k prestatu digun bideoan entzun dugun bezala, Azpeitian kooperatibismoa indartzeko proiektua da azpeitiKoop.

Oinarria

Prozesu parte hartzaile baten ondorioz sortu dugu azpeitiKoop [Sorrerako adierazpena], eta, gure ustez, oinarri garrantzitsuarekin ekingo diogu bideari.

Baditugu egitura, helburuak, ildoak, egitasmoak… Lanketa zabal baten ondorioz finkatuta denak ere.

Baina hau hasiera besterik ez da.

Hastapen honetara ailegatzeko, jende askok egindako lana azpimarratzeaz gain, lehenengo momentutik proiektuaren sustatzaile eta ardura lanetan aritu zen lagun bat gogoratu nahi dugu gaur: Xabier Aranbarri, Kulturaz kooperatibako kudeatzailea. Iazko urrian zendu zen. Hari ere eskerrak eman nahi dizkiogu. Hemen dugu Xabierren familia.

Irizpideak

Esan bezala, badugu proiektua. Baina proiektu bat denez, apustu bat da.

Anbizioa daukagu, baina zuhurtziarekin ere jardungo dugu.

Ekinbideak garatzen ari gara, dela hezkuntzan, dela hizkuntzan, komunikazioan, transmisioan… Batetik, kooperatiba berriak sustatu nahi ditugu. Eta, bestetik, kooperatibismoa indartzeko ekintzak egingo ditugu, elkarlanean. Baina sinesgarritasunaren balioa ipar hartuta, gauzatzear gaudela ikusten dugunean emango dugu bakoitzaren berri publikoki. Garatzen ari garen ekinbide horiek denak, osatua dugun sarean aipatu, landu eta onartu dira.

Izaera progresiboa izan nahi du azpeitiKoop-ek. Hau da, eta betiere idiaren pausoak emanez, seguruak, hazten joan nahi du proiektuetan, eremuetan, aliatuetan, bazkideetan…

Hain zuzen, bazkidetza aipatuta, momentuz herriko zazpi kooperatiba azpeitiKoop-eko bazkide dira. Norbanakoen kanpaina, udazkenean egingo dugu.

Eta beste balio bat, ezinbestekoa: euskara dugu lan tresna. Euskal Herriko arnasgune nagusia da Azpeitia, baina alor sozio-ekonomikoan ere lanean segitu behar da, oraina eta etorkizuna euskaraz eraikitzen.

Proiektu berritzailean, bidelagunak

Hasi dugu bidea. Proiektu berria da, eta, guk dakigula, berritzailea ere bai. Baina bidelagunak baditugu, eta horrek konfiantza ematen digu.

Eskerrik asko berriz ere!.

2026ko ekainaren 4an, Azpeitian, azpeitiKoop kooperatibako Kontseilu Errektorea

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide