Nagore Alkorta alkatea: "Bidelagun izango duzue Azpeitiko Udala"

Erabiltzailearen aurpegia azpeitiKoop kooperatiba 2026ko ekainaren 12a

Nagore Alkorta alkatea Azpeitikoopen aurkezpenean.

Azpeitiko alkateak hitzartzea egin zuen azpeitiKoop-en aurkezpenean. Esan zuen udalak kooperatiben ereduan sinesten duela eta "herriko ekosistema kooperatiboa sustatu nahi du". Babesa eman dio azpeitiKoop-i.

Nagore Alkorta Azpeitiko alkatearen hitzartzea azpeitiKoop-en aurkezpen ekitaldian:

"Arratsaldeon, guztioi!

Azken hilabeteotan, behin baino gehiagotan elkartu gara udal ordezkariok AzpeitiKoop-en sustatzaileokin, eta esplikatu diguzue bi ardatz nagusiren bueltan lan egingo duela AzpeitiKoop-ek; alde batetik, kooperatiba berrien sorreraren sustapenean; eta, bestetik, kooperatibismoa indartzeko ekintzen antolakuntzan.

Kooperatiba ugari ditugu herrian: txikiak, handiak, industria sektorekoak, zerbitzu kooperatibak, irakaskuntzakoak… Eta erakutsi digute zer baliagarriak diren nahi dugun eredu ekonomikorantz joateko.

Kooperatibek ekonomia egiteko beste modu bat proposatzen dute. Pertsonetan oinarritutako ekonomia sortzeko tresna dira. Balioetan oinarritzen dira, demokratikoak eta konprometituak dira. Lurraldean errotuta daude, inguruaz kezkatzen dira. Eta zerrenda askoz gehiago luzatu ahal izango nuke.

Horiek guztiak esanda, Azpeitiko Udalak sinesten du kooperatiben ereduan, sustatu nahi du herriko ekosistema kooperatiboa, eta ondorioz, nola ez du bada babestuko AzpeitiKoop.

Proiektua aurkeztera etorri gara gaur. Baina bidea ez da gaur hasten. Herriko kooperatibekin eta beste eragile askorekin sukaldeko lan handia eginda dator.

Horregatik, eskerrak eman nahi dizkizuet AzpeitiKoop-en sustatzaileoi, eta aurrera begira zorterik onena opa nahi dizuet. Seguru gaude, gainera, bide oparoa egingo duela, eta etorkizunean ere bidelagun izango duzue Azpeitiko Udala".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide