Joane Korta
- “Balio erantsi handia du ikusten diot AzpeitiKoop proiektuari. Jatorriari dagokionez, ez da izan norbanako edo enpresa batek sortutakoa, baizik eta parte hartze prozesu baten emaitza izan da. Herri mailako proiektu bat da eta herri eragile mota desberdinek hartu dute parte”.
- “Egitekoa ez da kooperatibak sortzea bakarrik izango; kooperatiba berriei lagunduko zaie. Bestetik, Azpeitian kooperatiba asko daude, haien arteko kooperazioa ere lortu nahi du AzpeitiKoop-ek, eta balio handia du horrek ere”.
- “Ekintzailetza beti ardura batekin lotuta dago, eta ardura, arriskuarekin askotan. Baina gauzak dauden bezala uzteak edo gauzak ez egiteak ere arriskua dakar. Belaunaldi berrien artean, gaurko ziurgabetasun egoeran, pixka bat gehiago kostatzen da erronkei aurre egitea, baina aipatu dudan ardura hori parteka daiteke kooperatibismoan, eta eredu egokia izan daiteke ekintzailetasunari bidea ireki ahal izateko”.
Jose Ignazio Otaegi
Ikasketak bukatu eta Azpeitiko Lan Mobel kooperatiban lanean hasi zen 1980ko hamarkada hasieran, eta esan zuen Azpeitian aurkitu zuen ekosistema kooperatiboarekin liluratuta geratu zela. “Oso gustura” sentitu zen kooperatibismoaren arloan lanean, eta uste du gazteei horren balioak transmititu behar zaizkiela, ikastetxeetako ekinbideen bitartez.
Alazne Larrañaga
- “Azpeitiaren elementu bereizgarri bat da kooperatiben presentzia askotariko jardueratan: hezkuntzan, elikaduran, kirolean, industrian, lehen sektorean…, eta horrek herrian dagoen izaera eta konpromiso maila adierazten du kooperatibismoak dituen balio horiekiko. Horren isla bat da”.
- “[Gaur egun Iraurgi Berritzen-en aurkezten diren egitasmo berriak batez ere zerbitzuen alorrekoak direla eta] Egungo gizartean, oinarrizko beharrak asetzen direnean, beste behar batzuk sortzen dira, eta hor kokatzen da zerbitzuen leheneste hori, eta azken urteetan guk horrela ikusi dugu. Orain urte batzuk merkataritza jarduera zen nagusi, eta orain, aldiz, zerbitzu enpresak sortzen dira; bereziki, osasuna eta ongizatearen inguruan”.
- “Kooperatibismoa ez da bakarrik balio multzo bat, baizik eta bizitza ulertzeko modu bat, gizartea beste modu batera eraldatzeko nahi bat”.
Enekoitz Esnaola kazetariak gidatu zuen solasaldia.
Patxi Olabarria Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluko lehendakaria (azpeitiarra) solasaldian parte hartzekoa zen, baina ezin izan zuen azaldu ezbehar bategatik.
Argazkian, Joane Korta, Alazne Larrañaga eta Jose Ignazio Otaegi hizlariak, eta Enekoitz Esnaola moderatzailea, ekainaren 4an, Basazabal jauregian.