AzpeitiKoop kooperatiba berriak joan den apiril bukaeran onartu zuen 2026. urteko ekintza plana, sareko batzar batean, eta, besteak beste, herriko kooperatiben arteko foroa eratzea ontzat jo zen. 2024ko udazkenetik iazko ekainera arte ere egon zen bilgune hori, Azpeitian kooperatibismoa indartzeko proiektua egiteko prozesuan. Orain bilgune horri eraketa formalagoa eman zaio, idatziz.
Foroaren helburuak dira herriko kooperatiben arteko sarea sendotzea, elkar ezagutza sustatzea eta interkooperaziorako aukerak lantzea. Horrez gain, kooperatiba bakoitzaren beharrak partekatzeko eta klima kooperatiboa indartzeko gunea izan nahi du. Esate baterako, bertan aztertuko dira urteko ekintza plana, ideia berriak, joerak... AzpeitiKoop-ek urtean zehar bestelako harremana ere badu kooperatibekin.
AzpeitiKoop proiektuan parte hartzen duten kooperatibek osatuko dute bilgunea, bazkide izan ala ez. Ez da organo juridikoa izango.
Aurten, AzpeitiKoop sortu berria dela-eta, foro orokorrari emango zaio lehentasuna, parte hartu nahi duten kooperatiba denen artekoari, eta urtean hiru batzar egingo dira. 2027an arlokako foroak ere lantzen hastea aurreikusten da: industriakoa, lehen sektorekoa eta arlo sozialekoa.
Batzarrak Dinamoan egingo dira, eta AzpeitiKoop-eko langileak dinamizatuko ditu. Foro orokorretan, sareko beste eragileek ere parte hartzeko aukera izango dute, lehen aipatutako prozesuko hiru batzarretan bezala: udalak, norbanakoek eta bestelako elkarteek.
Azken batean, kultura politiko zabala ipar hartu eta beste pauso bat emanda, batera pentsatzen segitu nahi da, Azpeitian kooperatibismoa are gehiago indartzeko.