Bazkideen lehen batzarra eginda, zabaltze faseari ekiteko prest

Erabiltzailearen aurpegia AzpeitiKoop kooperatiba 2026ko ekainaren 24a

AzpeitiKoop-en bazkideen batzarra, joan den astelehenean, Dinamoan.

AzpeitiKoop-ek bazkideen ohiko batzarra egin du, momentuko kide guztiekin. Udazkenean bazkidetzako lehen kanpaina publikoa hasiko du.

AzpeitiKoop kooperatiba elkarteak bazkideen 2026. urteko ohiko Batzar Orokorra egin zuen astelehenean, bere aurrenekoa, Dinamoa sormen gunean, eta bazkideek aho batez onartu zituzten Kontseilu Errektoreak aurkeztutako proposamenak: egiturako egokitzapenak, urteko aurrekontua eta giza baliabideetako osaketa. Batzarrera deituta zeuden bazkide guztiak azaldu ziren. Urrats horrekin beste oinarri bat jarrita, AzpeitiKoop prest da hedatze faseari ekiteko.

Joan den ekainaren 4an izan zenez AzpeitiKoop-en aurkezpen ekitaldia, kooperatiba berria bazkidetza aldetik oraindik eratze fasean dago. Hiru figura dauzka: Bazkide erabiltzaileak (tokiko kooperatibak), Bazkide kolabotzaileak (norbanakoak eta elkarteak) eta Lan Bazkideak (AzpeitiKoop-ekoak). Bazkide erabiltzaileetan, momentuz, zazpi kooperatiba daude: Artxara, BiziK, Ekindar, Ikasberri, Kulturaz, Lurgintza eta UKT. Proiektua sortu aurreko prozesuan parte hartu zuten haiek.

AzpeitiKoop-en zabaltze fasea udazkenean hasiko da, orduan ekingo baitio lehenengo bazkide kanpaina publikoari; hala, beste kooperatibek, norbanakoek eta elkarteek bazkide sartzeko aukera izango dute.

Asteleheneko batzarrean, Kontseilu Errektoreak 2026ko ekintza planeko ekinbideen egoeraren berri ere eman zuen eta duela hiru asteko aurkezpen ekitaldiaren balorazio ona egin zen.

AzpeitiKoop-ek hiru helburu ditu: Azpeitian kooperatiba komunitatea osatu eta indartzea; onura soziala eta ekonomikoa bilatzea; eta herria eta herritarrak eraldatzen jarraitzea.

Ildoak, bi. Batetik, kooperatiba berriak sustatu nahi dira; hau da, egitasmo berriak lagunduz eta bultzatuz, eta martxan edo hasteke dauden ekimenek kooperatibismorako pausoa eman dezaten lagunduz. Eta, bestetik, kooperatibismoa indartzeko ekintzak egingo ditu AzpeitiKoop-ek, eragileekin elkarlanean: hezkuntzan, komunikazioan, sustapenean, transmisioan… Aurten bertan ekinbide batzuk martxan jartzea aurreikusten da. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide