Zer da kooperatibismoa? Batetik, enpresa formula bat da; beraz, enpresa denez, badago helburu ekonomikoa ere. Bestetik, bizi filosofia bat da, ikuskera eta praktika sozial batean oinarritutakoa; printzipioen artean dauzka berdintasuna, parte hartzea, elkartasuna edota konpromisoa.
Bi ardatz horiez gain, bada beste bat, hau ere funtsezkoa: kooperatibak, ereduak eredu, tokian tokiko herritarren eta eragileen kapitalaren esku daude, eta, ondorioz, eurek hartzen dituzte erabakiak. Azken batean, burujabetza mota bat da; mundu globalizatu honetan, elementala nor izaten segitzeko.
Horrenbestez, garrantzitsua da ipar horri eustea gizarte justuago baterako eta, jakina, gurea bezalako nazio batentzat: Euskal Herriarentzat.
Dena bezala, kooperatibismoa ez da formula perfektu bat. Gainera, digitalizazioak eta indibidualismoak haren izpirituari ere erasan egiten diote. Zorrotz arituz, kontzientzia kolektiboa eta soziala indartzea besterik ez da geratzen.
Azpeitian ekosistema kooperatibo esanguratsua dago. Alde batetik, kooperatiba asko daude (kooperatiba berriak sortu dira atzeneko urteetan ere), eta era askotakoak. Bestetik, kooperatibista ugari dago enpresa horietan: 2.000 pasa.
Berriki, berriz, prozesu zabal baten ondoren, Azpeitikoop kooperatiba sortu dugu, herrian kooperatibismoa are gehiago bultzatu asmoz. Kooperatiba komunitatea artikulatzen ari gara.
Eta kooperatiba komunitatea zabaldu nahi dugu, oraindik kooperatibismora batu ez diren herritarrak eta eragileak animatuz:
- Kooperatibista egin daitezen herriko nahiz Euskal Herriko ekimenetan.
- Martxan edo oraindik sortzeke dauden proiektuak kooperatiba bihur ditzaten.
Hala, Azpeitikoop-ek han eta hemen kooperatibistak ugaritzeko edota berriak izateko kanpainak egingo ditu udazkenetik aurrera. Era berean, pronto dago herritarrei eta eragileei bidelaguntza zehatza emateko euren proiektuak kooperatiba izan daitezen (Iraurgi Berritzen garapen agentziak ere ematen du laguntza).
Batu kooperatibismora! Azpeitian ere gero eta kooperatibista eta kooperatiba gehiago izanda, aukera handiagoa izango dugu inguru hobea eraikitzeko.