Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluak eta AzpeitiKoop-ek hitzarmena egin dute. Akordioa urte honetarako da, eta 6.000 euro jasoko ditu AzpeitiKoop-ek. "Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseilua, euskal kooperatibismoa sustatzeko eta hedatzeko erakunde gorenak, lan hori egiten duten Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde publiko eta pribatuekin lankidetzan aritzen da, eta AzpeitiKoop horietako bat da", dio hitzarmenak.
Goren Kontseiluak, Koop2040 Gogoeta Foroaren ondorioz, ildo estrategiko batzuk landu zituen, eta haren asmoa da AzpeitiKoop-en jarduera ildo estrategiko horien barruan sartzea. Akordioa atzo sinatu zuten, Azpeitian, Patxi Olabarria Goren Kontseiluko lehendakariak eta Mikel Ugarte AzpeitiKoop-eko Kontseilu Errektoreko kideak.
AzpeitiKoop ekainaren 4an aurkeztu zen jendaurrean, prozesu zabal baten ondoren. Proiektuak bi ildo dauzka: kooperatiba berrien sorrera sustatu eta kooperatibismoa indartzeko ekintzak egin. Egun, eragileekin harremanak egiten eta akordioak josten ari da. Esaterako, ekainaren 24an Azpeitiko Udalarekin lankidetza hitzarmena sinatu zuen. Udazkenean, berriz, bazkidetza kanpaina publikoa egingo du, eta herritarrei zein eragileei kooperatibismora batzeko dei egin die.