Zer iruditzen zaizu AzpeitiKoop proiektua?
Oso ondo baloratzen dut AzpeitiKoop; izan ere, tokiko eremuan kooperatiben ekosistema indartzen duen ekimen berritzailea da. AzpeitiKoop-en ikuspegiak kooperatiben eta kooperatibisten arteko lankidetza sustatzen du, eta helburua da elkarrekin eragin ekonomiko, sozial zein lurralde mailakoa sortzeko gai den kooperatiba komunitatea eraikitzea.
Zer beste ezaugarri nabarmenduko zenuke?
Era berean, proiektua bertako eremuan sortu izanari balioa ematen diot, azpeitiarren benetako beharrei erantzutea, eta kooperatibak, tokiko administrazioa, gizarte erakundeak zein herritarrak helburu komun baten inguruan mobilizatzea.
"Oso ondo baloratzen dut AzpeitiKoop; izan ere, tokiko eremuan kooperatiben ekosistema indartzen duen ekimen berritzailea da"
Zeu lehendakari zaituen Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluak eta AzpeitiKoop-ek hitzarmena sinatu dute. Zein da helburua, zuen partetik?
Bion arteko lankidetza hitzarmenak erakundeen arteko lankidetza eredugarria islatzen du, eta lankidetza horren helburua kooperatiba mugimendu osoarentzat balioa sortzea da. Goren Kontseiluaren eginkizuna ez da ekimenak finantzatzera mugatu behar, baizik eta beste eskualde batzuentzat erreferentziazko eredu bihur daitezkeen proiektuak babestea, eta ziur gaude horrelako proiektu bat izango dela AzpeitiKoop. Gainera, hitzarmenak bat egiten du AzpeitiKoop-en helburuen eta Goren Kontseiluak KOOP2040 planean zehaztutako lehentasun estrategikoekin; horrela, kooperatiba eredua sustatzeko ekintza zehatzak bultzatzen dira, eta baliabide publikoen erabilera egokia bermatuko duten jarraipen eta ebaluazio mekanismoak ezartzen dira.
"Azpeitia da Euskal Herrian kooperatiba tradizio sendoena duten udalerrietako bat. Kooperatiba ekimen berriak garatzeko bereziki egokia den ekosistema sortzen du"
Zer iritzi diozu Azpeitiko kooperatibismoari?
Azpeitia da Euskal Herrian kooperatiba tradizio sendoena duten udalerrietako bat. Kooperatiba ugariren presentziak, lankidetza kultura errotuarekin batera, kooperatiba ekimen berriak garatzeko bereziki egokia den ekosistema sortzen du.
Hala ere, onartzen dugu ekosistema finkatuek ere berritu beharra dutela, egungo erronka sozial eta ekonomikoei egokitu behar zaizkiela, eta eragileen arteko lankidetza mekanismoak indartu behar dituztela. Hori dela eta, berebiziko garrantzia dute AzpeitiKoop bezalako ekimenek; izan ere, pertsonak, gizarte erakundeak eta instituzioak konektatzen laguntzen dute, eta, horren bidez, berrikuntza soziala, belaunaldi erreleboa, kooperatiba hezkuntza eta kooperatiba nortasuna duten jarduera ekonomiko-proiektu berrien sorrera sustatzen dituzte.
Hasi baino ez da egin AzpeitiKoop. Zer etorkizun dauka?
AzpeitiKoop-en etorkizunerako aukerak itxaropentsuak dira. Edozein proiektu kolektiborekin gertatzen den bezala, haren arrakasta kide-oinarri zabala eraikitzeko, inplikatutako eragile desberdinen arteko lankidetza mantentzeko eta komunitatearentzat onuragarriak diren proiektuak sortzeko duen gaitasunaren araberakoa izango da.
"AzpeitiKoop-en proiektuaren ikuspegi estrategikoak, gobernantza parte hartzaileak eta komunitatea eraikitzeko apustuak oinarri sendoa ematen dute"
Dena den, AzpeitiKoop-en proiektuaren ikuspegi estrategikoak, gobernantza parte hartzaileak eta komunitatea eraikitzeko apustuak oinarri sendoa ematen dute hori errealitate bihurtzeko.
Goren Kontseiluak espero du AzpeitiKoop tokiko kooperatiba eredua sustatzeko erreferente bihurtzea, beste udalerri batzuek partekatu eta egokitu ditzaketen metodologiak eta esperientziak garatuz. Eta, ibilbide horretan, gure laguntza guztia izango du.