Azpeitikoop kooperatibak herriko ekosistema kooperatiboa gehiago gorpuztu nahi du, eta, hala, aurreneko bazkidetza kanpaina publikoa hasi du. Azpeitikoopek bere sarekide ez diren kooperatibei ez ezik, herritarrei eta elkarteei dei egiten die bazkide egin eta proiektuko partaide bilaka daitezen. Ekarpen ekonomikoa behin bakarrik egingo da, eta Azpeitikoop.eus-eko formularioa betez egin daiteke bazkidetza.
Azpeitikoop sortzeko prozesuan hamar kooperatibak parte hartu zuten, eta, momentuz, haietako zazpi egin dira bazkide: Artxara, Bizik, Ekindar, Ikasberri, Kulturaz, Lurgintza eta UKT. Geroztik, Laboral Kutxa ere egin da. Domusa eta Lan Mobel sarekideek, berriz, urteko diru laguntza ematen dute.
Sorrerako prozesua hala diseinatu zelako, hemendik aurrera beste kooperatibek eta elkarteek nahiz herritarrek ere izango dute bazkide egiteko aukera. Kooperatiba bakoitzak 300 euroko ekarpena egin beharko du, elkarteek 100 eurokoa eta herritarrek 30eurokoa. Denek ere, lehen aipatu moduan, behin soilik.
Azpeitikoopek, aniztasuna helburu izanik, bazkidetzan hiru figura dauzka: kooperatibak, herritarrak-elkarteak eta Azpeitikoopeko langileak. Bazkidetzako ponderazioan, figuratako inork ez du gehiengo osorik; pausoak adostasun zabalak lortuz egin nahi dira. Horrez gain, parte hartzea, gardentasuna nahiz elkarrizketa dira, besteak beste, proiektuaren balioak. Oraingoz, zortzi kooperatibaz gain, Azpeitikoopeko langilea eta, egiturako kontu operatiboengatik, herritar bat dira bazkide.
Urtebete pasako prozesuaren ondoren, joan den ekainaren 4an aurkeztu zen Azpeitikoop jendaurrean, Basazabal jauregian sorrerako adierazpenaren berri emanda eta ekitaldia eginda. Egitasmo zehatz eta praktikoen bidez, herrian kooperatibismoa indartzeko egitasmoa da.
Proiektuak: martxan batzuk; zehazten beste batzuk
Bi ildo dauzka proiektuak. Batetik, kooperatiba berriak sustatu nahi dira. Herritar batzuen egitasmo bat bidean da, eta Azpeitikoop bidelaguntza ematen ari zaie. Azpeitikoop bera beste ideia bat aztertzen ari da, eragile batzuekin batera.
Bestetik, kooperatibismoa sustatzeko ekinbideak egingo ditu Azpeitikoopek. Ari da jadanik. Hain zuzen, berriki, kooperatibista berrientzako harrera plana osatu du Lurgintzarentzat, eta beste batzuk ari da prestatzen. Kooperatiben foroa ere taxutu du, bertan herri gisa pentsa dadin. Era berean, kooperatibismoa kohesionatzeko eta sustatzeko komunikazio euskarriak martxan dauzka: barne buletina, webgunea, Instagram eta Azpeitia Guka-ko kanala. Gainera, hezkuntzako egitasmo bat lantzen ari da elkarlanean, eta herri ekimeneko kooperatiba batzuen proiektu eta produktuen kanpainak zehazten ari da haiekin batera.
Ekainetik hona lankidetza hitzarmenak sinatu ditu Azpeitiko Udalarekin, Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluarekin eta Laboral Kutxarekin.
Bazkide egiteko beste moduak
Aipatutako formularioaz gain, Azpeitikoopen bazkide egiteko bada beste modurik: Soreasuko Dinamoa sormen gunean Azpeitikoopen egoitzara azalduta edota koordinatzailea@azpeitikoop.eus-era idatzita.