Azpeitian ere bota berri dute Obaba filma eta, hori dela eta, hona hemen pasadizo bat. Hau da, Bernardo Atxagak 1988an atera zuen Obabakoak liburua, eta labetik atera berria zen ale batekin Asteasura joan zen, bere herrira, eta plazan zen mutil gazte bati esan zion: "Tori, Xabier, heuretzat lehen alea. Oraintxe irten dik inprentatik". Xabier Usabiaga zen mutil gazte hura; gaur egun aski ezaguna txirrindularitza eta kazetaritza munduan. "Zeinek jakin orduan liburuak zer oihartzun izango zuen gero Ez dakit zergatik eman zidan neuri lehen alea. Ohorea da", kontatzen du Usabiagak. Ezaguna egin zen, bai, harrezkero liburua: 1989an Espainiako Literatura Saria jaso zuen, hamaika hizkuntzatara itzuli dute, eta aurten, filma. Pako Aristik oraintxe atera du bere azkeneko liburua: Note Book. Galdera kurioso bat: nori eman dio lehen alea? Eta gure beste idazleek Jose Luis Otamendik, Imanol Eliasek, Xabier Aldayk zeini ematen diote euren liburu berriaren lehen alea?