Atzo (igandea) Jon Maiari egindako elkarrizketa zetorren 'Berria'-n, 'Riomundo' liburuaz. Oraintsu atera du liburu hori eta dagoeneko lehen edizioa agortu da. Espainiako Gerra aurreko borrokez, erbesteratzeaz, trantsizio garaiko langile mugimenduez, familia erdaldun bateko umea ikastolara eramateaz mintzo da liburuan, eta atzoko elkarrizketan ere bai. Eta, besteak beste, Loiola, eta Txiki eta Otaegi aipatu zituen atzo. "Gaur egun ezkerreko kontzientziarik ikusten duzu? (galdetu zion kazetariak). Ni gaur egungoan ez naiz sartzen liburuan. Franco hiltzean amaitzen da liburua. Herri honen arazoaren aurrean posizionatu beharra ikusi zuten (bere aiton-amonek 'abueloak' deitu ohi die, osabek, gurasoek...), eta bi belaunaldi geroago hemen posizionatzean, zapalduenen bandoan jarri ziren, abertzaleen bandoan. Liburuan pasarte klabe bat dago, nire osaba PCEtik mugimendu abertzalera pasatzen denekoa. Juan Carlos printzea zenean Loiolara zetorrela eta kalera ateratzeko esan zien komiteak, ongietorria egiteko. Horrez gain, Txiki eta Otaegiren fusilaketa ere oso garrantzitsua izan zen jendearen kontzientzia pizteko... Hor abandonatu zuen nire osabak PCE". Garai erabakigarria izan zen, Maiaren ustez, hura: "Eta hor uste dut gertatu zela euskal gizartearen zatiketa: Estatuko bi indar nagusiek, PCEk eta PSOEk hartu zuten jarrera gakoa da: herri honen borrokari garai hartan bizkarra ematean, herri honen eskubideen aldeko borrokan ez sartzean, beren masa sozialak euskalduntasunetik kanpo utzi zituzten. Ez dakit asko esatea den, baina ikusi besterik ez dago haien masak ez direla euskaldunak. Eta oraindik ere ordaintzen ari gara: bi mundu daude eta tartean amildegi bat dago, politikoki eta sozialki".