Aitor Manterolak Berria egunkarian futboleko indarkeriaz idatzi du, astearteroko bere artikuluan, eta Mikel Aranbururen kasua aipatu du. "Indarkeriarena: Hauxe dio Eduardo Galeanok 'El futbol a sol y sombra' liburuan: '1994ko bukaeran, Maradona, Stoitxkov, Bebeto, Francescoli, Laudrup, Zamorano, Hugo Sanchez eta beste jokalari batzuk futbolarien nazioarteko sindikatua sortzeko lanean hasi ziren. Orain arte, ikuskizunaren protagonista nagusiak direnek ez dute parte hartu erabakiak hartzen diren erakunde boteredunetan. Beraiek ez dute ezer esateko eskubiderik (...)'. Mila sindikatu eta elkarte eratuta ere, alfer-alferrik izango delakoan nago. Besteen aurrean indarra egiteko, aurretik jokalarien arteko elkartasuna izatea da ezinbestekoa. Eta errespetua. Eta miresmena. Azkenaldian, lekutan daude horiek denak, eta gero eta gehiagotan ikusten dira beren lankideari min ematera doazen futbolariak. Zenbat Aranburu behar dira gisa horretako sarrerak gogor zigortzeko? Futbola indarkeriaren diktadurak akabatu baino lehen, egin zerbait, mesedez".