Ohorea

Erabiltzailearen aurpegia Di-da! 2006ko mar. 9a, 12:03

Amagoia Iban azpeitiarrak atzo (asteazkena, martxoak 8) 'Berria'-n bere eguneroko zutabean idatzitako artikulua da behekoa, Urrestillako amona hil zitzaiola eta:

----

Ohorea

Martxoak 8. Azpimarratuta daukat egutegian, eta banuen ideiaren bat horri buruz zerbait idazteko. Jarioa eten dit, ordea, Maitxo hil izanak. Gaur lurperatuko dugu, eta badakit zuei ez zaizuela inporta, baina niri bai. Amama nuen. Eta ilea moztu dut, aurpegia ahalik eta agerien joateko hari agur egitera. Eta bazkaritan, aitak ogi berriari kozkorra kendu, eta niri eman dit, "semea edukitzeko". "Hala da ohitura", erantsi du nire harridura aurpegia ikusita. Semea alaba ez ametsen abiapuntu duten ohiturak, garai batean munduko gizonik eredugarriena izan zen enpresaburu bizkaitarrak aspaldi emandako erantzuna dakar gogora:

—Seme-alabarik ba al duzu?

—Hiru alaba... baina onak dira.

Martxoak 8 bezperan, amamaren eskelako bertsoari behin eta berriz begira ni: 'Seme-alabentzako Urangako ama, goxotasunez jantziz baserriko lana. Astuna izan arren bizitzaren zama, umorez izan zara biloben amama. Astuna izan arren bizitzaren zama, ezin ahaztu zugandik jasotako dana'.

Agur eta maitasun, Maitxo. Ohorea? Aspaldi galdu genuen, eta geuk hala nahita.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide