Retolazaren informazioa

Erabiltzailearen aurpegia Di-da! 2006ko mar. 22a, 12:03

Luis Mari Retolaza EAJko kidea Eusko Jaurlaritzan Herrizaingo sailburu izan zen 1980-88an, eta, besteak beste, GALen garaia ezagutu zuen. Berria egunkariak otsailean elkarrizketa zabala egin zion, eta Pasaiako sarraskiaren gaia ere atera zuen Retolazak (hain zuzen gaur –asteazkena— 22 urte izan zen sarraski hura eta, besteren artean, Dionisio Aizpuru 'Kurro' eta Pedro Mari Isart 'Pelitxo' Komando Autonomo Antikapitalistetako kide azpeitiarrak hil zituen Espainiako Poliziak, Pasaian). Kazetariaren galdera: "Denborak ematen duen ikuspegiarekin, ez al zaizu iruditzen beste era batera jokatu eta inplikazio politikoak argitzen lagundu behar zuela Ertzaintzak, Herrizaingo Sailak (GALen garaian), zuen informazioa edukita?". Retolazaren erantzuna: "Oraingo ikuspegiarekin begiratuta, gure obligazioa akaso prentsaren argitara atera eta salatzea zen. Baina garai hartan kokatu beharra dago. Ni behin prentsan atera nintzen Pasaiakoa gertatu zenean, KAAkoak garbitu zituztenean. Informazio fidagarria nuen, gure jendearena, hori nola gertatu zen jakiteko. Nazka eman zidan. Eta prentsara atera nintzen. Lotsagarria izan zela esannuen. Zalaparta sortu zuen, baina ez zuen ezertarako balio izan. Baina Barrionuevorekin enfrentamendua eduki nuen horregatik, harremana hautsi genuen, eta hilabeteak egin genituen hitz egin gabe. Hilabete asko".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide