Lehengo astean protagonismo handia izan zuen Alberto Contadorrek, Romandiako Itzulian etapa bat irabazi zuelako eta sailkapen nagusian bigarren geratu zelako. Contador bera da Espainiako txirrindulari gazteen artean etorkizunik onenetakoa duena (duela urte batzuk burmuineko gaixotasuna izan eta ziklismoa uztekotan egon zen). Madrildarra da, Liberty taldean dago eta Azpeitian bizi izan zen urte batzuetan. "18 urte nituela, ez nekien ezta nora nindoan ere dio Contadorrek. Nahi nuen bakarra, Iberdrola ekipoan korritzea zen. Neuk deitu nuen bertara, telefonoz, ea hartzen ninduten. Zain egon nintzen baina hartu ninduten azkenean. Eta Azpeitia aldera joan nintzen, ziklistaz betetako pisu batera; etxe pareko jatetxe batean jaten genuen. Oso jende desberdina ginen baina giro ona genuen. Jesús Hernández, Grau, Benitez, Aranaga... nituen taldekide. Oso gustura sentitu nintzen, eta harritu ninduena izan zen Azpeitian jendeak ezagutzen ninduela eta neure herrian ez".