Argia astekariko 2.040 zenbakian Ramon Etxezarretak
apirilean ospatu zen Liburuaren Nazioarteko Eguna mintzagai hartuta,
komunikabideetan atera diren datuen, irakurketa zerbitzu publikoen eta
eskoletako liburutegien inguruan duen kezka azaldu du.
Irakurketaren inguruko kezkak
Liburuaren nazioarteko egunaren aitzakiarekin, apirilaren 23aren
bueltan, gauza ugari esan ote den nago. Hori izan da behintzat nire
errezeloa, bestetan baino gehixeago aritu ote diren gure inguruko
komunikabideak gaiari buruz, bestetan baino ahalegin handixeagoa egin
ote duten guztiek kontuari oihartzuna -oihartzun egokia- emateko eta
aspaldiko kezkak sortu zaizkit.
Mezu ezkor eta ilunak izan dira nabarmenenak. Ez dakit ordea
nabarmenenak izan diren egokienak edo eragin dituzten burutazioak diren
bide okerrera joaten laguntzen digutenetakoak. Edozein kasutan garbi
daukat beste mezu eta eztabaida batzuk ezinbesteko ditugula liburu eta
irakurketa kontuetan bidean aurrera egin behar badugu.
Euskal Editoreen Elkarteak eman digu lehen nota: orain bost urte liburu
ale bat bera ere irakurtzen ez zuten euskal herritarrak ehuneko
hogeitabat baldin baziren, egun -editoreek beraiek eskuartean jartzen
dizkigunetatik- ehuneko hogeitamaika omen dira ale bat bera ere begien
aurrean jartzen ez dutenak.
Min ematen du, behintzat niri, hori jakiteak. Eta min gehiago oraindik
-eta ez dut esan nahi zer ikusi zuzenik izan behar duenik, baina kasua
hor dago- Euskal Autonomia Erkidegoa jotzen baitut Espainiako
atzeratuena -azpigaratuena- irakurketa zerbitzu publiko eta erakundeen
honekiko konpromiso ekonomikoari dagokionean.
Kezkak jarraitu egiten du eskola liburutegi bat zer den ez dakigun
Euskal Herriko alde honetan. Garrantzi gutxi, edo batere ez, ematen
zaio instalazio honi gure irakaskuntza -kukurrukuaren esanera- hain
aurreratua eta aurrerakoia omen den honetan. Eskolak liburutegirik gabe
garatu baldin badaitezke, harrigarri da ehuneko hogeitamaika bakarrik
izatea liburu bat bera ere irakurri nahi ez duten herritarren kopurua.
Kezka kezkago bihurtzen da gure Hezkuntza Sailak Espainiako Gobernuaren
dirulaguntza bati bigarren urtez jarraian uko egin diola jakitean, ez
Espainiatik ezer nahi ez izateagatik, baizik eta gure eskola
liburutegiak ondo egonik laguntza behar ez izateagatik.
Ez dauka kontuak kontsolamendurik okerragorik ere esan baldin baliteke
ere. Jaurlaritzak liburuari ematen dion dirulaguntza editoreen bidez
bideratzen da gehienetan argitalpen bakoitzetik hainbesteko bat erosiz
gero herrietako liburutegietan banatzeko. Banaketa hori urtean behin
egiten da, eta horrek esan nahi du zenbait herritako liburutegietan
-kontuan izan batzuek zenbait familia ekonomiak baino aurrekontu
gutxiago dutela liburuen erosketetarako- nobedade literarioak,
euskarazko nobedadeak, urte bete pasako duela herritarraren eskuetara
iristen.
Ez da hau zergatia izango baina zerikusian ttantta bat bai
agian.
Bien bitartean liburu-dendariak ere atera dira iazko erdia saldu dutela
esanaz. Ez dakit esaten duten soil horretatik harantzago ezer esan nahi
zuten, nik baietz uste. Liburu kontuetan alarma mezuak botatzen
direnean kezka ekonomiko soila besterik ez baldin badago ere azpian,
kultur kezka bat, herri kezka, kezka dotore eta sakon bat adierazi nahi
izaten delakoan nago.
Zer esan? Liburuak kalera ateratzeko igandea txarra dela esanaz,
eguraldi txarra duen ostiral batera aurreratzen baldin bada, helburu
nagusia turistei liburuak saltzea bada, igande batean libururik erosi
ezin bada... Iparraldera joan besterik ez dago zenbat liburu salgai
dagoen ikusteko, zigarro pakete bat baino merkeago -han tabakoa
garestiago-.
Zer esan? Eskola liburuak maileguzko eta doaneko izan behar dutela
entzundakoan euskal kultura pobretzen dela entzuten denean. Egileek
eskubideak eskatzen dituztela beren obren mailegu publikoagatik
irakurtzen denean.
Hitz gutxiago eta ekintza serioagoak mereziko genituzke, batez ere geure buruari sartzen dizkiogun gezurrak hain gezur izan ez daitezen euskal kultura triste honetan.