Lizasok ezbeharrei jarritako bertsoak

Erabiltzailearen aurpegia Di-da! 2006ko ira. 6a, 18:09

Argia astekariaren 2.053. zenbakian 'Bertso berriak... Ezbeharrei jarriak' iritzi atalean, Xebastian Lizasok egindako bertso hauek argitaratu dituzte:
I
Urte osoa pasa
oporrei begira
jaioterritik urrun
antolatu bira.
Baina hainbat ezbehar
gertatzen ari da
itzuli gabe zenbat
itzuliko dira?

II
Bidaian hasieran
hainbat poz ta zori
 nabaritzen zaiona
asko ta askori.
Baina poza penaren
zulora erori
betirako denean
"Geroarte" hori.

III
Errepideak ditu
milaka aitzaki
hegakinari hegan
ahaztu izaki,
trenak bere bidetik
joaten ez daki
milaka zauritu ta
hildako galanki.

IV
Hegazkina azkarra
bere abantaila,
trenak lortzear omen
hegazkinan maila,
autoaren "zaldiak"
domatzea zaila
presakaegi gabiltz
heriotzan bila

V
Aurreratuagatik
gero ta gehiago,
betirako bizia
nahi baina, akabo.
"Biziak bizia zor"
zioten lehenago
lege honen ordezko
legerik ez dago.

VI
Korapilo hontatik
zaila da askatzen
ezbeharrek guztiok
gaituzte kezkatzen.
Jarraitu nahi dut lana
oporrez puskatzen
bizitzari ez diot
oporrik eskatzen.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide