'Haika-Segi auzia' dela-eta berriz ere kartzelan dauzkate Garikoitz Etxeberria 'Kafe' azpeitiarra eta beste 21 gazte (Espainiako Auzitegi Gorenak Jarrai, Haika eta Segi "talde terrorista" diren epaia atera zuen urtarrilaren 19an; gazte haietatik gehienak otsail hasieran atxilotu zituzten), eta 22 gazteetatik inor ez dute sartu Euskal Herriko espetxeetan, Espainiako, Herrialde Katalaneko eta Galiziakoetan baizik. Batez beste, bakoitza Euskal Herritik 515,1 kilometrora dago. Kafe bera Galizian daukate preso, Bonxe espetxean, 665 kilometrora. Kasu beragatik 2001etik 2005era preso eduki zuten Kafe, batik bat Alcala Mecon (Espainia), Azpeititik 500 kilometrora.