Gu ta gutarrak taldekoek Xabi Borda izan zuten lagun ostiralean (martxoaren
9an) Azpeitiko Gaztetxean egindako saioan. Bordak poesiak errezitatu zituen, eta Iturriaga
eta Elortzak bertsotan erantzun. Hemen duzue ekitaldian entzundako Bordaren poesia bat:
HITZIK GABE HOBE
Xabi Borda
orain
zutaz baino ezin dezaket idatzi
gauari gerritik heldu
eta dantza egin genuela
irriak pospoloak zirela
eta lastozko erraiak piztu genizkiola elkarri
horrelakoak bakarrik idatzi ditzaket
adibidez honela konta nezake
plazerrari hondartza bat topatu genion
gorputzak gorputzen kontra urratzen diren izkina horretan
nire olatuak zure klitoriaren gainera erortzen ziren
hareak ere dar-dar egiten zuen
hareak ere hasperen
eta egia da
desioak badu hondartza bat
- ni han izan nintzen -
desioak baditu gazteluak ur-ertzean
baditu txalupak kulunkan badu apar zuria
desioak badu gau bat ozeano bat bezalakoa
edo honela konta nezake bestela
plazerra itzalez bildu genuen
etzan ginen oheak izara berdeak zituen
zure arnas itoak kilkerrak isildu zituen
pinuetatik zintzilik zegoen gaua zuloz betetzen hasi zen
nik zure zuloa betetzen nuen
eta egia da
desioak badu oihan bat
- ni han etzan nintzen -
desioak baditu intsektuak hegaka
baditu sastrakak eta arantzak badu belar usaina
desioak badu goiz bat zuhaizpean lo
edo antzeko tontakeriak konta nitzake milaka
baina lagunok
sexuak ez daki lirikaz
ez du metaforen eta irudi ederren beharrik
ez du errimaren beharrik
aski du izerdiarekin
aski azalarekin odolarekin
beraz lagunok
utzi dezagun poesia
utzi dezagun bertsolaritza larrua jo ezin dugunerako
Saioaren bideoa ere jaso du Uztarriak bideoen atalean. Baita argazkia ere.