Lourdes Iriondoren eta Julen Lekuonaren biografiak egin ditu Joxe Mari Iriondok, 'Bidegileak' bildumaren barruan. Eusko Jaurlaritzako Hizkuntz Politikarako sailburuordetzak argitaratu ditu eta euskalgintzan aitzindari izan diren gizon-emakumeak ezagutaraztea du bildumak helburua.
Lourdes Iriondo (Donostia, 1937-Urnieta, 2005), abeslaria eta idazlea izan zen. Txikitan hasi zen abesten, gitarra baten laguntzaz; eta Ez dok Amairu taldeko kide izan zen, Xabier Lete, Benito Lertxundi, Mikel Laboa eta beste hainbatekin batera. Oso arrakasta handia izan zuen: 1967an 170 emanaldi egin zituen, horietako batzuk Ez dok Amairu taldearekin, gainerakoak bakarka. Kantagintza utzita, lan asko egin zuen haurrekin, eta haurrentzako ipuinak idatzi eta argitaratu zituen.
Julen Lekuona (Oiartzun, 1938-Irun, 2003) ere abeslaria eta idazlea izan zen. Apaiztu berritan Azkoitira, Aizpurutxo auzora bidali zuten, eta gitarraz eta kantuz alaitu ohi zituen elizkizunak. Ez dok Amairu taldeko kide izan zen, eta taldeko kideen bilera eta solasaldi asko hartu zituen Aizpurutxoko apaiz-etxeak. Kantu ezagun asko sortu zituen; hala nola, 'Ez dut nai, Illargira noa eta Itsasoan urak handi dire. Apaiz izateari utzi ondoren, aurrezki kutxa batean egin zuen lan.