Xabier Euzkitzek idatzia atzo (osteguna) Noticias de Gipuzkoa egunkarian:
(
) Lehengoan Foru Aldundiaren bulegoetara joan nintzen, paper baten eskean. Artatu ninduen neska
ezaguna nuen eta goxo hartu ninduen. Halako batean, aurpegia aldatu zitzaion, zurbildu egin zen. Niri barkamena eskatu eta lankide batengana jo zuen. Berehala ohartu nintzen zerbait xelebrea gertatzen zela, eta badakizue Ogasunarekin ez dagoela txantxarik. Itzuli zenean azalpenak eskatu nizkion, eta erantzunak neu utzi ninduen zurbil: "Ba al dakizu zer gertatzen den? Oso kasu arraroa da, ez dakigu zergatik, baina zu hilda zaudela ageri da gure datu basean, zein egunetan hil zinen ere zehazten du. Lasai, zuzendu dugu". Ez zen txantxetan ari, benetan ari zen, eta ni ere hala ari natzaizue zuei. Bertan hil nadila diodana gezurra bada! Hasieran beldurtu egin nintzen, geroxeago haserretu. Badaezpada ez zioten zergak kobratzeari utzi, ez! Bestalde, hil nintzela garaiz jakinarazi izan balidate, eskelarako bertso itxurazko bat pentsatuko nuen gutxienez. Ez ordea, ez zidaten deus esan. Berriz hiltzen naizenerako erneago egongo naiz".