Ikasberri Azpeitiko Ikastolako ikasleak Laudioko (Araba) Prudentzio Deunaren haur danborradan parte hartuko dute bihar (ostirala). Dozena bat urtetik gora da Laudioko Ikastola euren herrian danborrada
antolatzen hasi zela, apirilaren 28an ospatzen dituzten Prudentzio Deunaren jaien barruan. Laudioko ikastetxe guztiek parte hartzen dute ekintza horretan, eta haiekin batera Ikasberri Azpeitiko Ikastolako LH 4 eta LH 5eko ikasleek hartuko dute parte aurten.
Izan ere, orain hiru urte hasi zen Laudioko Ikastola danborrada ospatu ohi duten beste herrietako ikastolak parte hartzera gonbidatzen. Orain bi urte Donostiako Santo Tomas Lizeoko haurrak gonbidatu zituzten. Iaz Santo Tomasekoez gain, Donostiako Axular Ikastolakoak ere gonbidatu zituzten, eta aurtengoan Axularkoekin batera Ikasberri Ikastolakoak gonbidatu dituzte.
Ikasberrikoek azaldu dute gustura eman diotela baiezkoa gonbidapenari, elkarrekin harremanak izan eta gaztetxoek esperientzia on bat izateko aukera izan daiteke. Ordutik, entseguak egin dituzte
ikasleek, eta berriro arropak eta danborrak atera eta "prestaketa lan handia" egin du guraso talde batek.
Bihar eguerdian irtengo dute Laudiorantz, 17:30ean hasiko da danborrada eta bukaeran txokolatada bat izango dute parte hartutako haur guztiek.