Jose Artetxe, Saizarbitoriari errietaka

Erabiltzailearen aurpegia Di-da! 2007ko mai. 9a, 11:05

Ramon Saizarbitoria idazleak Egunero hasten delako nobela berrargitaratu berri du Erein argitaletxearen bitartez. Berria egunkariak joan den astean eman zuen horren berri, eta Saizarbitoriak Jose Artetxe azpeitiar idazlearekin izandako pasadizoa ere egunkari beretik jasotakoa da:

"Egunero hasten delako-ren lehen argitalpenak Alberto Corazon artistak egindako emakume aurpegi bat erakusten zuen azalean. Harrezkero berrargitalpen guztien azaletan ere aurpegi hori agertu da, eta Ereinek orain kaleratu duen berrargitalpena ez da salbuespena.

Jose Artetxe idazle eta Gipuzkoko Foru Aldundiaren Donostiako bibliotekaren arduradun azpeitiarrak sekulako errieta egin zion Saizarbitoriari behin, bibliotekan eta jendearen aurrean, esanez belauniko eskatu beharko ziola barkamena Euskal Herriari. Saizarbitoriak ez zekien oso ondo zergatik egiten zion horren zakar errieta Artetxek.

Geroago jakin zuen motiboa: Artetxek uste zuen liburuaren azaleko irudiko aurpegiak Santa Bernardette saindua irudikatzen zuela, eta sakrilegio larritzat jo zuen abortuari buruzko nobela baten azalean saindu haren aurpegia agertzea".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide