Dabilenari gertatzen

Erabiltzailearen aurpegia Di-da! 2007ko mai. 11a, 11:05

Xabier Euzkitzek astero idazten du 'Noticias de Gipuzkoa' egunkarian iritzi artikulua, eta maiz aritzen da Azpeitiko edo azpeitiarren kontuez. Hona hemen atzokoa  (osteguna), lehengo astekoaren aipamenarekin.

 ----

Dabilenari gertatzen

Lazkao Txikirekin saio asko egiteko zortea izan nuen. Ohore izugarria da, izan litekeen pozik handienetakoa, txikitatik miretsi izan dituzunekin herriz herri ibili ahal izatea. Bermeoko Artza pilotalekua leporaino bete-tzen zen gure bertso saioetan. Jende beroa da gainera, esker onekoa. Han kantatu genuen aldietako batean, gure Joxe Mielek hanka-sartze nabarmen samarra egin zuen azken agurrean.


'Eskerrik asko bertsozaleak!

Eskerrik asko, Ondarru!

Ea holaxe elkartzen geran

beste urtebete barru.'


Saioa Bermeon zen, ez Ondarroan, baina Lazkaoko Txiki handia nahasi egin zen, eta auzo-herria agurtu zuen, errimarako erabiliz gainera. Entzuleek ez zuten gaizki hartu, berehala ohartu ziren tronpatu egin zela, ez zela nahita egindako ateraldi xelebrea izan. Lazkao Txikik, jakina, ez zuen ulertu jendearen erreakzioa, ez baitzen normala serio kantatutako bertso bati halako barre algarekin erantzutea. Beste bertsolariongana itzuli zenean, berriz, gure aurpegietan ere ikusi zuen zerbait arraroa gertatzen zela. Sebastian Lizasok hitz egin zion lehendabizi: "Zer esaten ari haiz? Hau Lekeitio ez duk ba!". Are nahasiago geratu zen gure artista. Azkenean azaldu genion: "Joxe Miel, hau Bermeo da, ez Ondarroa!". Hanka-sartzeaz konturatzean, erabat kezkatu zen gizona. Azken bertsolariaren agurraren ondoren, berak kantatu zuen berriz, denei barkamena eskatuz. Hura txalo zaparrada! Ez zen hor bukatu istorioa. Hurrengo urteko saioaren lehen agurrean ere barkatzeko eskatuz bota zuen bertsoa. Eta denek barkatu.

Gaur zortziko zutabean  Joxe Lizaso Rusoa eta Juli Iraolaren urrezko ezteiez mintzatu nin-tzaizuen, baina Lazkao Txikiren moduan tronpatu nintzen. Adiskide batek deitu zidan goizean goiz: "-Rusoak ez al dik trumoirik jo? -Ez. Ba al du motiborik, ala? -Larri ibili! Lizaso jarri beharrean Agirre jarri duk!". Oker txatxua, baina bai nabarmena! Lizaso zaharrak barkatuko al dit!

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide