Duela hamar urte sortu zuten Topagunea Euskara Elkarteen Federazioa, eta urteurren hori ospatzeko ekitaldia egingo dute gaur (osteguna) Durangon (Bizkaia), Plateruena Kafe Antzokian. 07:30ean hasiko da. Uztarria Kultur Koordinakundea Topaguneko partaideetakoa da. Lagunarteko ekitaldia izango da. Topaguneak ekitaldi honekin emango dio hasiera 2007. urtean ospatu asmo dituen ospakizun-ekitaldiei. Hurrengo ekitaldi publikoa ekainaren 16an egingo da Bilboko kaleetan, Zazpi kale kultur topagunea izenarekin. Azaroan Donostian egingo dituzten jardunaldiekin bukatuko dira urteurreneko ekitaldi bereziak. Topagunea Euskara Elkarteen Federazioa Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako 90 euskara elkartek osatzen dute. Elkarteon zein Federazioaren beraren helburua euskararen erabilera sustatzea da.